Loinatz Abesbatzak 40. urteurreneko diskoa aurkeztuko du larunbatean
40. urteurrenerako hiru ekitaldi antolatu ditu abesbatzak; larunbatekoaz gain, kontzertu sinfoniko korala eskainiko du ekainaren 27an, eta herriko eragileekin emanaldia azaroaren 21ean.
Ezker-eskuin: Belen Callejo abesbatzako lehendakaria, Aitor Garitano abesbatzako zuzendaria eta Carlos Unanua abesbatzako kidea.Laida Goiburu Loinatz Abesbatzak 40. urteurrena beteko du aurten abesbatza gisa. Urte borobila ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte abesbatzako kideek, eta horren berri emateko prentsaurrekoa egin dute Beasaingo udaletxeko batzar aretoan. Larunbatean izango da lehen ekitaldia: 40. urteurrenagatik grabatutako Lau Hamarkada Loinatz Kantuz diskoa aurkeztuko dute larunbatean San Martin elizan, 19:00etan.
Aitor Garitano abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, 40. urteurrena diseinatzerako orduan “aurreko urteetan egin diren ekitaldi garrantzitsuenak batu” nahi izan dituzte, eta hiru ekitaldi nagusi zehaztu dituzte, “hirurak desberdinak, abesbatzak egin ahal izateko modukoak eta interesgarriak izan daitezkeenak abesbatzarentzat eta herritarrentzat”. Diskoaren aurkezpen kontzertuaz gain, kontzertu sinfoniko korala eskainiko du abesbatzak ekainaren 27an, eta herriko eragileekin emanaldia azaroaren 21ean.
Hiru proiektu horiek izango dira urteurrenaren ardatza, baina urteroko ekitaldiak egiten jarraituko dute: “Santa Agedan atera ginen, aurten ere jaiei hasiera emateko Mariren jaitsieran kioskoan egongo gara zuzenean abesten, uda pasatuta Elkarteen Egunean egongo gara…” azaldu du zuzendariak.
Memoria emozionala jaso dute
Loinatz Abesbatzarentzat ez da berria disko bat grabatzea. Aurretik grabatutako hiru disko aipatu ditu Garitanok: “1996an Beasainen kontzertua Xabier Sarasolarekin, 2016an 30 urte Beasaingo arnasa kantu bihurtzen Juncal Guerrerorekin eta 2021ean Oskarbi Euskal taldearen Kantua zuei diskoan abesbatzak partaidetza inportantea izan zuen Jon Aizpururen gidaritzapean”.
Diskoen ekoizpena landu du abesbatzak urtez urte, eta aurten ere horri heldu diote. Zortzi kantu batu dituzte lanean, “oso bereziak” zuzendariaren hitzetan abesbatzarentzat, “historikoki eta emozionalki”, obra bakoitzak zein konpositoreek abesbatzarekin lotura duelako eta pieza bakoitza mugarri bat delako abesbatzaren ibilbidean. “Ez du soilik errepertorio bat jasotzen, baizik eta taldearen memoria emozionala”.
Hauek dira zortzi piezak:
- SABAT MATER – Xabier Sarasola –PIANOA: Javier Perez de Azpeitia
- LOINATZ CREDO – Javier Busto / 9:41 – BIOLINA: Xabier Zeberio
- PATER NOSTER – Junkal Guerrero /3:14
- DUGUN ALEGRANTZIETAN – Mold. David Azurza / 3:27 – BAKARLARIA: Aitor Garitano / PERKUSIOA: Nikolas Barandiaran
- GAUR AKELARRE – Josu Elberdin / 2:22 – IRRINTZIA: Izaskun Alvarez
- DIBUJO EN EL AGUA – Alejandro Yague / 2:53
- ISILDU NAHI EZ DEN HURA – Iker Gonzalez / 6:55 – PIANOA: Javier Perez de Azpeitia
- BARRE EGIN NAHI DUGU – Mold. Xabier Sarasola / 2:55 – PIANOA: Javier Perez de Azpeitia

‘Lau Hamarkada Loinatz Kantuz’ diskoa.Laida Goiburu
Otsailaren 7an eta 8an grabatu zuten diskoa, San Martingo elizan Jean-Michel Olivares soinu teknikariarekin –30. urteurreneko diskoa ere harekin grabatu zuten– eta Javier Perez de Azpeitia piano jotzailearen eta Xabier Zeberio biolin jotzailearen parte hartzearekin. Larunbatean konpositoreak kontzertuan izango dira.
Diskoaren diseinua Unai Altolagirrek egin du. Larunbatean, kontzertuaren ondoren diskoa salgai jarriko dute atean, 15 euroan, eta hurrengo astetik aurrera Mirentxu liburu dendan, Goierri Kopiak-en eta Eguzki Inprimategian egongo da eskuragarri.
Mozarten bi obra
Urteurreneko bigarren ekitaldia ekainaren 27ko kontzertu sinfoniko-korala izango da. Mozarten bi obra eskainiko dituzte Andre Mari Zeruratuaren elizan: Coronation Mass KV 317 (Koronazio Meza), batetik, eta Vesperae Solennes de Confessore KV 339, bestetik.
Oñatiko Aequus Ensemble orkestrarekin Aitor Biain zuzendariaren gidaritzapean eskainiko dute kontzertua, eta lau bakarlari ariko dira: Ana Otxoa sopranoa, Lucia Gomez mezzosopranoa, Josu Cabrero tenorra eta Jesus Garcia Arejula baritonoa. Belen Callejo Loinatz Abesbatzako lehendakariak azaldu du lau bakarlariek harreman handia izan dutela Loinatz Abesbatzarekin: “25. urteurrenean organoarekin egin genuen, aurten orkestrarekin; ordu hartan Ana Otxoa eta Jesus Garcia egon ziren, eta aurten ere gurekin izango dira”.
Kontzertu horretarako sarrera beharko da. Festen ondoren, maiatzaren 25etik aurrera 10 euroan jarriko dituzte salgai Mirentxu liburu dendan eta Eguzki Inprimategian.
Elkarrekin ospatzea helburu
Carlos Unanua abesbatzako kideak 40. urteurreneko hirugarren ekitaldi bereziaren berri eman du. Herriko eragileekin azaroaren 21ean La Salle ikastetxeko patioan egingo dutena izango da. Urteurrena elkarrekin ospatzea da helburu nagusia. Narama Abesbatzak, Musika Eskolako Harizko Orkestrak, Aurtzaka Dantza Taldeak, Goizeresi Txistulari Taldeak eta beste hainbat eragilek parte hartuko dute. Doan izango da, espazioa bete arte. Irailean emango dituzte emanaldi horren inguruko xehetasunak.

Coral Loinazetik Loinatz Abesbatzara
1939an Pedro Jose Iguainek sortu zuen Loinatz Abesbatza izango zena, Coral Loinaz izenarekin. 10 urteko etenaldiaren ondoren, 1986an Xabier Sarasola beasaindarraren gidaritzapean indarberriturik hasi zen emanaldiak eskaintzen Loinatz Abesbatza. Harrezkero, hainbat txapelketatan parte hartu du eta Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo emanaldiak eskaini ditu: Katalunian, Kantabrian, Valladoliden, Alakanten, Errioxan…
Kideetan zein zuzendaritzan aldaketak izan ditu, baina ez du jarduna eten. 2012ko urtarrilean, 25 urte Xabier Sarasolaren gidaritzapean egon ondoren, Junkal Guerrero andoaindarrak hartu zuen lekukoa, eta 5 urte geroago, 2017ko irailean, Jon Aizpuru irundarrak hartu zuen zuzendaritza. 2023tik Aitor Garitano bergararrak zuzentzen du abesbatza.













