Aramako marrubi gehiagoren zain
Urteko lehen ziza horiak ere iritsi dira, Barcinaren postura, perretxiko eskaintza zabalduz.
Frutaren eta perretxikoen artean mugitu dira gaur berritasunak Ordiziako ferian. Urteko lehen marrubiak iritsi dira, eta ziza horiak ere hasi dira saltzen. Negukoak joan dira ia guztiak, eta udari begira hasita dago eskaintza.
Marrubiak Aramako Arantxa eta Maite Zurutuzaren postuan zituzten salgai, gutxi batzuk bakarrik, eta goiz-goiz bukatu dira horregatik. Kiloa 12 euroan jarri dute salgai, eta erosleak gehiagoren gogoz geratu dira.
Ziza horiak iritsi dira
Perretxikoen artean ziza horia izan da berria gaur. Felix Barcinaren postuan izan dituzte salgai, bost kilo. Urteko lehenak izanik, prezio altu samarra zuten, kiloa 38 euro. Aurreago ere izango dira gehiago, eta ziza zuriarekin gertatu den bezala, eskaintza handitzearekin batera joango da prezioa jaisten; horrela izan da behintzat beste urteetan.
Ziza horiez gain, izan dira perretxiko gehiago ferian. Barcina, Lasa eta Barandiaran saltzaile handienen artean, eta plaza barrukoak ere gehituta, guztira 112 kilo ziza eskaini dituzte, kiloa 19 eta 60 euro artean, Barcinak eta Lasak, bestalde, 50 kilo onddo ere jarri dituzte salgai, kiloa 28 eta 42 euro artean. Eta boilurrak ere bazituen Barcinak, pieza bakoitza 5 euroan.
Loreak, landareak eta tomateak
Lore eta landareen atala oso emankor dago azken asteetan. Lore moztuen artean, peonia gehitu behar da kalak, irisak, arrosak eta txinatar krabelinak osatutako eskaintzara. Zurutuzatarrek zituzten horietako batzuk, eta gainerako loreak, Miren Jauregik eta Antxoni Murgiondok. Lore moztuen sorta 5 euroan dute guztiek.
Azanzak, berriz, alegria (1,5 euro), Gineako alegria (4,5 euro), eta petunia (1,5 euro) aurkeztu ditu gaur.
Barazki landareetan udako eskaintza ia osatuta dute hiru saltzaileek, eta nabarmena da piper eta tomate aukera. Piperretan aukera handia dago: pipermina, Gernika, najeranoa, morroa, berde ezti luzea, italiarra, Padron eta horia, 0,20 eta 0,30 euro artean bakoitza. Eta tomate mota asko ere badago: Jack, gerezi tomatea, Aretxabaleta, arrosa handia eta idi bihotza, 0,8 eta euro baten artean.
Tomatetan, Jack motakoa omen da goiztiarrena, eta dagoeneko udakoa salgai dute Iguategikoek eta Montesekoek, kiloa 5,5 eta 6 euro artean.
Bi saltzaile horien generoaz gain, datorren astean Azkoitiko Jesus Mari Uzinena ere izango da. Azkoitiko Gurutziagan heldu dira tomateak, eta laster izango dira Ordizian.
Jerteko gereziak
Zuhaiztiko fruta saltzaileen postuetan, berriz, gerezia izan da gaurko berritasuna. Extremadurako Jertetik (Espainia) iritsita, kiloa 6,95 eta 12,9 euro artean dago.
Melokotoiak, brinoiak eta albertxikoak, berriz, joan den astean iritsi ziren, eta geroz eta eskaintza handiagoa dago. Paraguaioa ere laster iritsiko omen da.
Bisitariak eta saltzaile bereziak
Gaur jubilatuen txanda izan da bisitarien atalean. D’Elikatuzeko gidarien laguntzarekin, Bizkaiko Garai herriko jubilatu talde bat ibili da postuz postu azokan eta Ordiziako erdigunean.
Saltzaile bereziak, berriz, Urretxuko Iparragirre institutuko ZIG gelako ikasleak izan dira. Ikas bidaia egiteko dirua lortzeko asmoz, tarteka etorri dira Ordiziako feriara eskolan egindako artisau lanak eta gozoak saltzera, eta gaur izan da egun horietako bat. Maiatzaren 20an etorriko dira azkenekoz, bidaia 25ean egingo baitute, Saloura.



















