CAFeko langileek manifestazioa egin dute hitzarmenaren aldeko borrokan
Hitzarmena edukiz betetzeko eskatzen dute mobilizazioetara batu diren langileek. ELAren esanetan, enpresak bigarren eskaintza aurkeztu zuen joan den astean, baina haren ustez "ez da nahikoa".
CAFeko langileak Lazkaibarko tunelean, manifestazioan.ELA-CAF CAFeko langileek Beasaingo eta Ordiziako kaleetara atera dute hitzarmenaren aldeko borroka. Atzo Beasaingo lantegiko biltegi nagusiko sarrera blokeatu zuten, eta gaur manifestazioa egin dute, zuzendaritzari presioa egin eta hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko.
Porteritik atera eta Ordizia aldera Malkaskoraino iritsi dira. Lazkaibar gurutzatu dute eta Senperetik Zaldizurretako biribilgunera helduta, CAFeko sarrera nagusira itzuli dira. ELA sindikatuak azaldu duenez, 67 orduko lanuzte egutegitik mobilizazioen zortzigarren eguna izan da gaurkoa. “CAFeko langileek berriro erakutsi dute hitzarmena batasunarekin eta presioarekin defendatzen dela”, aldarrikatu du.
Hitzarmena edukiz betetzeko eskatzen dute mobilizazioetara batu diren langileek. ELAren esanetan, enpresak bigarren eskaintza aurkeztu zuen joan den astean, baina haren ustez “ez da nahikoa”. Soldata igoera, errelebo kontratua eta enplegua bezalako gaiak jasotzen ditu sindikatuaren arabera, “baina ez dira oraindik langileen aldarrikapenetara iristen”.
ELAk dio ez duela akordiorik sinatuko “gutxienez, KPItik gorako soldata igoerak, langile guztientzako lanaldi parekatzea, proposatutakoa baino lanpostu kopuru handiagoa eta lanaldi, antzinatasuna eta lizentzien gisako gaietan behar adinako aurrerapausoak jasotzen ez baditu”.
Bihar mobilizazioekin jarraituko dute. Langileen partaidetza eskertu du sindikatuak: “Plantillaren erantzuna eredugarria izaten ari da. Jardunaldiz jardunaldi, mobilizazioa giltzarri izaten ari da enpresa negoziazio mahaian posizioak mugitzera bultzatzeko”.
LABen eskakizunak
LABek, CAF Taldeko lehen indar sindikalak, honako hauek jotzen ditu “funtsezkotzat” hitzarmenaren negoziazioan: lanpostuen defentsa lana kanpora ateratzen den kasuetan; enplegu sorrera eta egonkortasuna; KPIaren gainetik egongo diren soldata igoerak; plantilla osoarentzako 1.592 orduko urteko jarduna ezartzea; lanaldia murrizteko bideak irekitzea; azpikontratazioaren aurkako neurriak; atzerrirako bidaietako baldintzen hobekuntza; azkenaldian berrituak izan ez diren langileak berronartzea; antzinatasunaren ordainketan lan egindako epe osoa kontabilizatzea; eta lizentzia eta baimenen hobekuntzak.
Sindikatuak nabarmendu du zuzendaritzaren esku dagoela “negoziazioan urrats errealak ematea eta eskaerei erantzutea lan-harreman bidezkoagoa ahalbidetze aldera”. Horrela ez bada, agertu du “negoziatzeko prestutasun bera” erakutsiko dutela “borrokarako ere”.














