Beasaingo biltegi nagusiko sarrera blokeatu dute CAFeko langileek
Presioak areagotu dituzten arren, LABen hitzetan "negoziazioa errazteko borondatea erakutsi" dute Beasain, Irun eta Madrilgo enpresa batzordeek, "malgutasuna azaldu" dutelako eta "eskari plataforman mugimenduak egiteko prest" daudelako. Negoziazio mahaia deitzeko eskatu dute.
Langileak CAF Beasaingo biltegi nagusiko sarrera blokeatzen.LAB-CAF CAFeko langileek Beasaingo biltegi nagusiko sarrera blokeatu dute, zuzendaritzari presioa egin eta hitzarmenaren negoziazioa azkartzeko helburuz. Martxoan jakinarazi zuten LABek eta ELAk CAFeko langileek 67 orduko lanuzteak egingo zituztela apirilean eta ekainean banatuta. LABek jakinarazi du “aste honetan aurreikusitako lanuzteei eusteaz gain”, gaur egun osoan blokeatuko dutela biltegi nagusiko sarrera. “Langileen presioak bakarrik mugitzen du zuzendaritza, eta bide horretan sakontzen jarraituko dugu”, azaldu du sindikatuak ohar baten bidez.
Presioak areagotu dituzten arren, LABen hitzetan “negoziazioa errazteko borondatea erakutsi” dute Beasain, Irun eta Madrilgo enpresa batzordeek, “malgutasuna azaldu” dutelako eta “eskari plataforman mugimenduak egiteko prest” daudelako. “Horregatik, negoziazio mahaia berehala deitzeko eskaera luzatu diogu enpresari”. Zuzendaritzari eskatzen diote bilera ahalik eta azkarren bideratu dezala. “Hitzarmena edukiz bete behar da, eta negoziazioak aurrera egin dezan, borondatea behar da”, aldarrikatu dute.

Beasaingo CAF lantegiko biltegiko sarrera nagusia blokeatuta.LAB-CAF













