Ezkio San Migel jaiak hartzeko prest
Maiatzaren 8an, 10:00etan botako dute txupinazoa. Dantza erakustaldia eta azoka, aurtengo berrikuntzak egitarauan. Bizikleta proba Izazpira igoera eta herri kirolak, jaien pizgarri.
Larunbateko herri bazkari jendetsua, iazko San Migel jaietan.ARIANE VIERBUCHER Ezkion dena prest dute jada, bihartik aurrera San Migel jaiei heltzeko. Hiru eguneko egitarau oparoa antolatu dute, berrikuntzaren bat edo beste tarteko. Asier Alberdi antolakuntza taldeko kideak esan duenez, sanmigelak «herri giroko» jaiak dira eta Ezkioko kaskoko eta beheko auzoetako bizilagunak elkartzeko aitzakia izan ohi dira. San Migelak «goran» ospatzen dituzte eta San Pedro jaiak Santa Lutzi eta Anduaga auzoetan, ekainean.
San Migel egunarekin hasiko dituzte aurten jaiak, maiatzaren 8an. Azken urtetako hasiera goiztiarrena izango dute, 10:00etan botako baitute jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Jaien lehenego egunean, herritarren bizikleta igoera aipatu behar da; Santa Lutzi auzoko biribilgunetik Ezkioko kaskora igo beharko dute parte hartzaileek. Iluntzean, bertso afaria izango da aurten, ohiko sagardo dastaketaren ordez. Aratz Igartzabal, June Aiestaran eta Iban Urdangarin arituko dira bertsotan.
Bertako produktuen azoka
Larunbat goizean izango da aurtengo berrikuntzetako bat. Ezkion euskal dantzak ikasten dabilen taldeak, dantza erakustaldia egingo baitu 12:00etan, Aloña Etxaniz ezkiotarraren gidaritzapean. 20 bat kidek hartuko dute parte emankizunean. Herri bazkaria izango da eguerdian, jendetsua izan ohi dena urtero eta arratsaldean, haurrentzako jolasak eta erromeria. Gauean, Xaiborren diskofestak dantzan jarriko ditu ezkiotarrak.
Meza nagusia eta Izazpi abesbatzaren emanaldiak emango dio hasiera igandean, jaietako azken egunari. Bertako eta inguruko askotariko produktuen azoka ere antolatuko dute aurten lehenengoz, 11:00etatik 14:00etara eliz aurreko plazan. Alegiko Sindikatoa, Urteaga Urkulegi, Pott Keramika, Isla Bitxiak, Albitxu, Cosmo artisautza, Clara Probanza, Kurkubi, Kiribilak, Hariztizabal, Trapuzko Panpinak, Ehunduz, Araiz Bitxiak, Matina Baranagarrementeria eta Amesgilek hartuko dute parte.
Izazpira igoera izango da goizeko ekintza nagusietako bat. 11:00etan haurrentzako lasterketak hasiko dituzte eta 12:00etan, helduek izango dute Pello Garin zizurkildarrak 1982an ezarritako marka hausteko erronka. Herri kirol erakustaldia izango da arratsaldean, 18:00etatik aurrera, eta behin saioa amaituta, ohikoa denez, barrikote batekin emango dituzte amaitutzat aurten sanmigelak.













