Legazpiko Tokiko Energia Komunitateak urteko batzarra egin du
Sei hilabete dira taldea martxan jarri zela, partizipazio guztiak beteta. Olamendin, Bikuña kiroldegian eta Brinkola-Telleriarteko eskola zaharretan ditu instalazio fotovoltaikoak. Instalazio horietan sortutako energia autokontsumitzea da helburua.
Legazpiko TEK Tokiko Energia Komunitateak bere lehen batzarra egin zuen atzo asteazkena, martxan jarri eta sei hilabetera eta partizipazio guztiak beteta dituela. Komunitatea 200 bazkidek osatzen dute, eta horietako batzuk Latxartegi aretoan elkartu ziren atzoko arratsaldean, hainbat gairen inguruan jarduteko.
Batzarrean, komunitatea energiaz hornitzen dituen instalazio fotovoltaikoen egoeraz, diru kontuez eta zuzendaritza taldearen berritzeaz hitz egin zuten, besteak beste. Oscar Valbuena zinegotziak eta atzora arte komunitateko lehendakari eta aurrerantzean idazkariak gidatu zuen batzarra, Legazpi TEK kudeatzen duen Edenor enpresako Ane Jauregirekin batera.
Autokontsumoa helburu
Energia bertan ekoiztea eta bertan kontsumitzea du oinarri komunitate honek, eta udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker osatu eta martxan jarri ahal izan du. Proiektuak hainbat fase izan ditu, eta lehenengoan, hiru instalazio fotovoltaiko jarri zituzten martxan herrian: Bikuña kiroldegian, Brinkola-Telleriarteko eskola zaharretan eta Laubideko Olamendi eskolan. Azken honetan, eguzki plaken bidez sortutako energia biltegiratzeko bateriak ere jarri zituzten hasieratik.
Beste fase batean, komunitatea osatzeko bazkideak lortzeari ekin zioten, eta eskainitako partizipazio guztiak bete ziren; horietako batzuk udalaren esku geratu dira, egoera zaurgarrian dauden herriko familiei eskaintzako. Herritarren erantzun ona ikusita, TEK Legazpiren Zuzendaritza Batzordeak beste pauso bat ematea erabaki zuen, eta Brinkola-Telleriarteko eraikinean eta kiroldegian ere bateriak instalatuko dituzte. Kiroldegian, gainera, eguzki plaka gehiago ere instalatuko dituzte.
Atzoko batzarrean azaldu zutenez, kiroldegiko instalazioen erabilera atzeratu egin da, laster konponduko den tramite burokratiko baten erruz. Dena martxan jartzen denean, komunitateko instalazio horretan sortutako energia ere autokontsumitu ahal izango dute bazkideek. Autokontsumo horrek aurrezpen bat ekarriko die gainera fakturan.











