Erakusketa, argazki ikastaro eta azken lehiaketaren sari banaketarekin, ikasturte amaiera bete-beteari egingo dio aurre Ikatzak
Legazpiko argazkilari elkarteko Gorka Gomezek eta Mikel Brazok datozen asteetako agendaren berri eman dute. Ikastaroa bien artean emango dute, eta lehiaketan sari bana irabazi dute.
Gorka Gomez eta Mikel Bravo argazki ikastaroa iragartzen duen kartelarekin, Argizaiola erakusketan.Tere Madinabeitia Ikatza argazkilari elkarteak agenda bete-betea du ikasturte amaiera honetan. Erakusketa bat du ikusgai Kultur Etxean, argazkigintza ikastaroa jarriko du martxan laster, eta jaietako lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia du hurrengo astean. Aurrerago, bi proiekzio egingo ditu Uztakale programan.
Gorka Gomez eta Mikel Bravo elkarteko kideak dira, eta ikastaroa emateaz arduratuko dira. Horren berri eskaintzeaz gain, beste jarduerei buruzko informazioa ere eman dute.
Argizaiola eta Legazpi Hiria
«Hau ez da betikoa» azaldu dute lehenik, Argizaiola Trofeoaren erakusketari buruz. Kultur Etxean dago ikusgai, hilaren 22ra arte, eta bertan, Euskal Herriko lehiaketen lehiaketa den horren 1980tik 2025era bitarteko edizioetan irabazi duten argazkiak daude jasota.
Lehiaketaren ikuspegi historikoa ezagutzeko aukera da erakusketa hau. Ikatzak harreman estua du Argizaiolarekin, elkarteak antolatzen duen Legazpi Hiria lehiaketa ere puntuagarria delako horretarako. Legazpi Hiria urtero egin izan da 1999 urteaz geroztik, baina aurten ez da egingo, «aurrerantzean bi urtetik behin egitea pentsatu dugu», azaldu dute.
Ikastaroa, ekainean
Ikastaroa, berriz, urtero egiten dute, eta aurtengoa, berriz ere 16 urtetik gorakoei zuzenduta, ekainaren 8tik 22ra bitartean egingo dute, Kultur Etxean duten lokalean, astelehen, asteazken eta ostegunetan, 19:00etatik 20:30era. Kamara reflexa eramatea gomendatzen dute. Prezioa 50 eurokoa da, eta izena emateko epea hilaren 25ean irekiko dute.
Gomezek eta Bravok emango dute, «elkarteko beste kide batzuekin». Teoria eta praktika uztartuko dituzte. Atal teorikoan, «teknika jorratuko dugu batez ere, kameraren parametroak eta, orain mugikorretan ere erabili daitezkeenak», eta praktika lantzeko lokaletik irten eta inguruan ibiliko dira, ikasitakoa argazkiak ateratzean aplikatzeko.
Hastapeneko ikastaroa izango dela diote bi argazkilariek, baina partaideek gero Ikatza elkartean sartzeko aukera izango dute, «ikasten jarraitzeko». Ikastaro hau Ikatzako bazkideen harrobi izaten da normalean.
Ganadu feriako sariak
Ikasturtea amaitu aurretik Ikatzak duen beste konpromiso bat Santikutzetako ganadu ferian egindako argazki lehiaketa ixtea da, eta horretarako sariak banatzea eta erakusketa muntatzea falta zaie. Saria banaketa hurrengo ostegunean egingo dute, hilaren 21ean, Gizarte Zentroan, eta jarriko dituzte ikusgai lanak ekainaren 4ra arte.
Gomez eta Bravo sari banaketan izango dira. Hamaika partaideetatik, Bravok irabazi du lehen saria, eta Santi Quincocesek bigarrena. Herriko saria, berriz, Gomezentzat izan da













