Ixone Lorenzo lezoarrak irabazi du Gipuzkoako gazteen aurresku txapelketa
Legazpin jokatu zen larunbat arratsaldean, hamabost dantzariren partaidetzarekin. Lehen legazpiarra June Osinalde Mendiola izan zen.
Ixone Lorenzo Bergara lezoarrak irabazi du gipuzkoar erako Gazteen Mailako Aurresku Txapelketa Nagusia, D sailean. Larunbat arratsaldean jokatu zen Legazpin lehiaketaren zortzigarren edizioa, Sustraiak Dantza Taldeak eta Legazpiko Udalak antolatuta. Guztira 15 neska-mutilek parte hartu zuten bertan.
Txapelketaren lehen zatian Graziana eta Desafioa edo Aurkez Aurkez dantzatu zituzten dantzari guztien Goiz Deia txistulari bandaren doinuei jarraiki, eta puntuazio altuena lortu zuten sei dantzariek hurrengo fasean Legazpi Zortzikoa dantzatu zuten. Azken saio honen ondoren hartu zuen Ixone Lorenzo Bergararen aldeko erabakia epaimahaiak. Edizio honetarako Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak diren Idoia Besadak, Jose Luis Vallejok eta Nagore Indakoetxeak osatu zuten. Isabel Aztiriak eta Maria Luisa Mendizabalek, berriz, jantzi egokiena nork zeraman erabaki zuten, eta sari hori Nora Escudero Mujika legazpiarrarentzat izan zen.
Epaileak azken erabakia hausnartzen ari ziren bitartean, Sustraiak dantza taldeko gaztetxoen taldeak Makil Handiak eta Uztai Txikiak dantzak eskaini zituzten.
Sariak banatzen Legazpiko Kultura Zinegotzia den Miryam Galilea, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko kidea den Juan Mari Vallejo, Maria Luisa Mendizabal eta Sustraiak taldeko Garazi Aztiria aritu ziren.
Hauxe izan zen sailkapena:
1. Irabazlea: Ixone Lorenzo Bergara (Lezo).
2. Sailkatua: Mairi Maya Castaño (Errenteria).
3. Sailkatua: June Aguado Peña (Villabona).
4. Sailkatua: Nora Davila Arin (Zizurkil).
5. Sailkatua: Aiara Aburuza Arretxe (Aduna).
6. Sailkatua: June Osinalde Mendiola (Legazpi).
Lehen legazpiarra: June Osinalde Mendiola
Jantzi dotoreena: Nora Escudero Mujika
Txapelketaren irabazleak Juan Mari Burguerak artista legazpiarrak diseinatutako eskultura eta kapitain-makila
jaso zituen. Bere irakasle Ihintza Erauskinek ere oroigarri bat jaso zuen. Hurrengo bost sailkatuek ere garaikurra jaso zuten, eta partaide guztiek oroigarri bana. Sari banaketa ekitaldia amaitzeko, txapeldun berriak Agurra dantzatu zuen.
Legazpiar gehiagok ere parte hartu zuten txapelketan, hala nola Alaitz Agirre Arruebarrenak, Araitz Berasategi Armendarizek eta Jon Alberdi Gardek. Bost legazpiarrak Sustraiak dantza taldeko kideak dira, eta “lan bikaina” burutu zutela, eta “ikasturtea oso ondo amaitu dutela argi eta garbi” utzi zutela adierazi duten arduradunek.
Txapelketa hau aurrera eramateko laguntza eskaini duten udalari, Goiz Deia txistulari taldeari eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrari eskerrak ere eman dizkie, baita dantzari, irakasle eta gurasoei ere.

Txapelketan parte hartu zuten Legazpiko dantzariak.

Sustraiak dantza taldeko dantzari gazteak, epaileek erabakia hartu bitartean dantzatu zutenak.













