Aterpe klimatikoen inguruko lanketaren berri eman dute ikasleek Eskola Agenda 2030 foroan
Haztegi eta Olamendi ikastetxeetako ikasleak udal ordezkari eta teknikariekin elkartu dira gaur goizean, egindako lanaren emaitzak eta proposamenak aurkezteko.
Legazpiko Eskola Agenda 2030eko udal foroa bildu da gaur goizean udaletxean. Foroko kide diren herriko ikastetxeetako kideak Eric Galvez alkatearekin, jasangarritasun arloko zinegotzi Oscar Valbuenarekin eta hainbat udal teknikarekin elkartu dira, azken bi ikasturteetan zehar aterpe klimatikoen inguruan egindako lanketaren emaitzen berri emateko.
Foroa udaletxeko areto nagusian bildu da, eta ikasleek mahaiak jarri dituzte bertan, erakustazoka batean bezala bakoitzak bere lana eta proposamenak azaltzeko.
Azalpenen ondoren, alkateak eta zinegotziak ikasleen konpromisoa nabarmendu dute: “Bi ikasturte hauetan zehar egin duzuen lana ez da ikasgelako proiektu hutsa izan; aitzitik, legazpiarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten ekintza erreal eta esanguratsuak gauzatu dituzue”.
Bi ikasturteko lanketa
Aterpe klimatikoen inguruko proiektua 2024-2025 ikasturtean abiatu zuten Haztegi ikastolak eta Olamendi ikastetxeak Eskola Agenda 2030aren lanketaren baitan. Herritarren klima egokitzapena aztertzea zuen helburu. Inkesta bat zen abiapuntua, galdeketa hartan aterpe klimatikoen inguruko informazio eta sentsibilizazio handiagoa behar zela ondorioztatu baitzuten, bereziki kolektibo zaurgarrienen artean.
Ikasturte honetan, aurreko ikerketaren emaitzak oinarri hartuta, hainbat ekintza zehatz jarri dituzte martxan ikasleek. Besteak beste, aterpe klimatikoen mapa osatu dute, eta Legazpiko gune guztiak identifikatu dituzte eta herritarrentzako informazio argia prestatu dute. Aurrerago, adinekoen zentroetara bisitak egingo dituzte, aterpe klimatikoen inguruko azalpenak eta gomendioak emateko.
Lanketa honetan nabarmentzekoa da ikastetxeen arteko elkarlana. Ikasleek eta irakasleek ikuspegi eta metodologia desberdinak bateratu dituzte, eta horrela eskualde ikuspegia indartu dute.
Udalaren lanketa eta proiektuak
Ikasleekin batera, udalak ere aterpe klimatikoen inguruko lanketa egin du azken hilabeteetan, eta gaurko foroan aurreratu dutenez, aurten bertan bi ekimen berri jarriko dituzte martxan.
Batetik, kanpoko aterpe klimatikoen sarea osatuko dute, eta bertan herriko hainbat espazio publikotan dauden itzal guneak, ura eta atseden eremuak jasoko dituzte. Bestetik, Gizarte Zentroa aterpe klimatiko pilotu gisa egokituko dute, etorkizunean eredua beste eraikinetara zabaltzeko asmoz.
Klima Azoka, hurrengo hitzordua
Egitasmoak jarraipena izango du ekainaren 5ean egingo den Klima Azokan. Bertan, ikasleek aterpe klimatikoen proiektua eta herrian martxan dauden beste hainbat ekimen jasangarri aurkeztuko dituzte herritarren aurrean.














