Diputatuen Kontseilu ibiltaria, gaur Ormaiztegin
Zumalakarregi museoan egin dute diputatuek asteroko erakunde bilera nagusia. Aurretik, Jon Enrike alkateak eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak lan bilera bat egin dute herriko proiektu nagusiei buruz hitz egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuak; Jon Enrike, Ormaiztegiko alkatea eta Zumalakarregi museoko arduradunak gaur goizean, Ormaiztegin.Josune Zarandona Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuek Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan egin dute gaur, asteroko erakunde bilera nagusia; Diputatuen Kontseilua. Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak udaletxeko atarian egin die harrera eta ondoren, Eider Mendoza diputatu nagusia buru dela, foru diputatuak Iriarte-Erdikoa baserrian kokatuta dagoen museoan egin dute kontseilua. Aurretik, udalak esku artean dituen proiektu eta egitasmoak ezagutu ditu Mendozak alkatearen eskutik.
Enrikek Diputatuen Kontseilua Ormaiztegin egin izana eskertu du: “Herri txikiak gara errealitate nagusia Gipuzkoan eta etorkizuneko erronkek ez diote herrien tamainari begiratzen. Etxebizitza, gizarte zerbitzuen indartzea edo trantsizio ekologikoa ere, badira gure erronkak, besteak beste. Horiei erantzuteko, ezinbestekoa dugu erakundeen arteko elkarlana eta gaurko ekitaldiak bide hau sendotzen du. Guztion artean herri eta Gipuzkoa hobea eraikiko dugu”, azpimarratu du.
Elkarlanari keinua
Erakundeen arteko elkarlanean egin du azpimarra diputatu nagusiak ere, “aldundiaren konpromisoa berretsi nahi dugu elkarlanari lotutako balioetan, Ormaiztegin nahiz gainontzeko udalerri txikietan bizi aukerak eta ongizatea bultzatzen jarraitzeko. Herri txiki biziak, bizigarriak, herritarren ongizatea bermatzen dutenak nahi ditugu”, adierazi du kontseilua amaitu berritan.
“Herriaren proiektu eta estrategiak ezagutzera etorri gara Ormaiztegira eta gureak beraiekin partekatzera. Baita udalak izan ditzakeen kezkak eta ekarpenak jasotzera ere”, gehitu du. “Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osoko plazetara zabalik ari gara lanean, ahalik eta herri, auzo, enpresa eta eragile gehienekin elkartzeko”, adierazi du eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartu du diputatuak, “gainontzeko erakundeekin lankidetza estutzen”.
Kontseilu ibiltaria
Hain zuzen, legegintzaldi honen barruan egiten ari diren Diputatuen Kontseilua ibiltarien barruan kokatzen da gaur Ormaiztegin egin dutena. Kontseilu ibiltaria hilabeteko maiztasunarekin egiten dute eta gaurkoa 23.ena izan da. Bilkura hauen bitartez, lurraldeko udalerrien berriak, erronkak eta proiektuak bertatik bertara ezagutzea du helburu aldundiak. Horren harira, kontseiluaren aurretik, Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak eta Eider Mendoza diputatu nagusiak lan bilera egin dute, herriko proiektu nagusiak ezagutzeko asmoz.



















