Euskal Burdinaren Museoa dohainik bisitatzeko aukera, igandean
Bisita berezi horrekin Lenbur Fundazioak bat egin du Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Bisitarekin batera, Mirandaola parkeko pista jokoa egiteko aukera ere izango da.
Lenbur Fundazioak bat egin du maiatzaren 18ko Museoen Nazioarteko Egunarekin, eta ospatzeko, igandean, maiatzak 24, Euskal Burdinaren Museoak ateak irekiko ditu doako sarrerarekin. Museoa 10:30etik 13:30era egongo da zabalik. Mirandaola parke ondoan dago, eta familian gozatzeko, bertan pista jokoa egiteko aukera ere izango da.
Antzinako kobrezko galdaketa-lantegi zahar batean dago kokatua, Fundiciones San Miguel izena zuena, eta haren jatorrizko elementu arkitektonikoak gordetzen ditu museoak, hala nola galdaketako mailua, garabiak eta labeak, eta horiek guztiek burdinak arkitektura industrialean izan duen garrantzia islatzen dute. Zaharberritze lanek lekuaren izaera mantentzea lortu zuten, eta ondare industrial honi bizia eman zioten berriro.
Maketen bidez eta benetako tamainako ikaztegi bati esker, bisitariek burdinarekin lotutako lanbide nagusiak gertutik ezagutzeko aukera izango dute: burdinolak, meatzariak eta ikazkinak; haien lana funtsezkoa izan zen lurraldearen eta haren paisaiaren garapenerako.
Museoak, gertu dagoen Mirandaolako burdinolara urtero etortzen diren Mari Domingi eta Olentzeroren panpin erraldoiak ere gordetzen ditu.














