Gizarte Larrialdietarako Laguntzen banaketa irizpideak onartu ditu udalbatzak
Ur, zabor tasa eta kiroldegiko tarifetarako eta zailtasun ekonomikoak dituzten 16 urte arteko nerabeentzako laguntzak ere onartu ditu. 1931n hautatutako udal korporazioa aitortu eta omenduko du udalak.
Beasaingo udalbatzaren osoko bilkura, artxiboko irudian.Beasaingo Udala Beasaingo udalbatzak maiatzaren osoko bilkuran 2026ko Gizarte Larrialdietarako Laguntzen banaketa irizpideak onartu ditu aho batez. Eusko Jaurlaritzak martxoaren 31n Beasainentzat 162.083 euroko muga jarri zuela baina udal aurrekontuetan zehaztutako 164.899 euroko zenbateko osoa mantentzea erabaki duela azaldu du udalak.
Udalaren esanetan, laguntza horien bitartez herritarrek “etxebizitzari eta oinarrizko beharrei lotutako gastu nagusiei aurre egiteko babes zuzena jasoko dute”.
Hauek dira ezarritako irizpideak: alokairu gastuei dagokienez, gehienez 300 euro zehaztu dituzte hilabetean; etxebizitza maileguari dagokionez, 300 euro hilabetean; energia gastuei dagokienez, 125 euro hilabetean (gas hornikuntzarako 50 euro eta argindarrerako 75 euro); oinarrizko premiei dagokienez, eguneroko gastuetarako gehienez 2.500 euro urtean (betaurrekoak ordaintzeko 250 euro pertsonako eta dentista gastuetarako 600 euro elkarbizitza unitate bakoitzeko); eta altzari, etxe-tresna eta etxebizitzaren egokitzapenari dagokionez, 1.850 euro urteko.
Ekainetik irailera bitartekoak
Ur, zabor tasa eta kiroldegiko tarifak arintzeko laguntzak ere onartu ditu udalbatzak. Ura eta zabor tasetan, gehienez 600, 500 edo 400 euro estaliko da, eskatzaileak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako baremo eta muga ekonomikoetan duen kokapenaren arabera. Udal kiroldegiko tarifetan, ekainetik irailera bitarteko tarifak lagunduko dira diruz; mugen barruan daudenek gastuaren %80 jasoko dute, eta diru sarrera finko jakin batzuk dituztenek %50eko laguntza. Irailaren 1etik 30era bitartean egin beharko da eskaera.
Haur eta nerabeen gizarteratzea eta eskolaz kanpoko jarduerak sustatzeko lerro berri bat onartu da, 10.000 euroko kredituarekin, zailtasun ekonomikoak dituzten 16 urte arteko haur eta nerabeentzat. Udalak azaldu duenez, lerro horrekin “irabazi asmorik gabeko elkarteek antolatutako euskarazko kultura, kirol eta aisialdi jardueretan parte hartu ahal izatea bermatu nahi da, egoera ekonomikoak inor baztertu ez dezan”. Jardueraren %100 ordainduko zaie Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gutxieneko Diru Sarrera jasotzen duten familiei. Gutxienez %75eko asistentzia bermatu beharko da. Eskaera egiteko azken eguna uztailaren 1a izango da.
Bi mozio
Osoko bilkuran bi mozio aurkeztu ziren. Batetik, Memoria Demokratikoaren aldeko mozioa aurkeztu zuen Podemosek. Lehen hiru puntuak onartu ziren aho batez; 1931n hautatutako udal korporazioa aitortu eta omenduko du udalak.
Bestetik, udal gobernuaren Baxoaren inguruko mozioa aho batez onartu zen. Ipar Euskal Herriko ikasleei babesa ematea du helburu mozioak, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatu diote gazteek Baxoko matematika eta ahozko probak euskaraz egin ahal izatea.
Hiru kontratazio Gobernu Batzordean
Beasaingo Udaleko Gobernu Batzordeak herriko azpegiturak modernizatzeko, ingurumena zaintzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko hiru kontratazio lerro onartu ditu azken bileran.
Batetik, aho batez onartu da Oria ibaiaren iparraldeko ertzean oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat sortzeko Zumadi-Bernedo erribera-pasealekuaren urbanizazio proiektua. Lanak 3 hilabeteko epean amaitu beharko dira ,278.142,43 euroko aurrekontuarekin.
Bestetik, Agauntza, Estanda eta Oria ibaietako zortzi kilometrotan landare inbaditzaileak erauztea eta zaborra garbitzeko zerbitzua ere aho batez onartu da. Urtean gutxienez 800 lanordu bermatuko ditu kontratuak. Biodibertsitatea leheneratzea helburu, herritarrentzako auzolan jardunaldiak nahiz ibilaldi gidatuak barne hartuko ditu.
Azkenik, ibilgailu elektrikoen erabilera partekatuko zerbitzua lizitatzea onartu da 3 urterako, udal gobernuaren aldeko botoekin, EH Bilduren aurkako botoarekin eta PSE-EE eta Podemosen abstentzioekin.













