Goiko barrioak aro berri bati ekin dio
Berrituta eta ukitu modernoago batekin inauguratu zuten atzo arratsaldean Idiazabalgo Gurutze Berri auzoa. Bi urtez luzatu dira lanak eta 2,2 milioi euroko aurrekontua izan dute.
Jesusa Agirre auzotarra eta Iñaki Alberdi alkatea atzo, inaugurazio ekitaldiko zinta mozten.Idiazabalgo Udala Gurutze Berri auzoaren 60. urtemugarekin bat eginez, Idiazabalgo Udalak auzoa eraberritzeko eta berrurbanizatzeko lanak egin ditu. Iñaki Alberdi alkateak atzoko ekitaldian azaldu zuenez, “udalaren azken urteetako proiekturik garrantzitsuena” izan da; guztira, bi milioi eurotik gorako aurrekontua izan du, eta lanek bi urtetik gora iraun dute. Alkateak azpimarratu du “azpiegitura guztiak” berritu direla, eta lan hauekin “auzoa biziberritu eta egungo estandarretara egokitu” nahi izan dutela.
Dantzarien agurraren ondoren, inaugurazioa irudikatu zuen zinta moztea egin zuten alkateak eta Jesusa Agirre auzotarrak. Segidan, txistulariek lagunduta kalejira egin zuten auzoan zehar, egindako lanak bertatik bertara ikusteko. Ekitaldiari mokadutxo bate eginez eman zioten amaiera.
Erabateko berrikuntza
2023ko irailean hasi ziren berrurbanizatze lanak. Auzoko azpiegiturak berritu dira, hala nola hoditeria eta kableatuak, argiteria guztia LED sistemara egokitu da eta kaleen asfaltoa eta espaloiak berritu dira. “Irisgarritasuna hobetu da auzoko pasabide guztietan, eta oinezkoei lehentasuna eman zaie eremu osoan”, zehaztu du alkateak. Horrekin batera, zenbait berdegune berri egin dira eta jolas parke berria ere bai, estalpe eta guzti.
Lan horien guztien kostua, 2,2 milioi eurokoa izan da. Aipatu behar da, kopuru horren zati handi bat, erdia ia, erakunde ezberdinetatik lortutako dirulaguntzen bidez finantzatu dela. Hala, Erein-en dirulaguntzetatik 830.800 euro jaso dira, eta Gipuzkoako Urak erakundeak beste 171.000 euro jarri ditu. Gainontzekoa, 1.220.000 euro, udalak hartu du bere gain, 520.000 euro fondo propioetatik, eta 700.000 mailegu baten bidez.
Elkarlanaren emaitza
Gurutze Berri auzoa herri ekimenez sortu zen 60ko hamarkadan, 1964 eta 1965 urteen artean, hain zuzen ere. Industrializazio garai betean, eta herrian zegoen etxebizitza beharra ikusita, hainbat herritar elkartu eta kooperatiba sortu zuten. Hasieran 22 bazkide ziren, eta azkenean 36 elkartu ziren. Sei eraikin egin zituzten guztira, eta etxebizitzez gain, jolaslekua eta baratzeak ere egin zituzten, eta baita gerora aktibitate handia izan duen Guraso Elkartea ere, zinema, dantza eta kultur aktibitateetarako areto eta guzti.




















