Valentin Larrea musikari gabiriarra urte osoko egitarauarekin goratuko dute, jaiotzaren 150. urteurrenean
Konposatu zituen genero ugaritako musika-piezen berreskurapena gizarteratuko dute haren bilobek, urte guztian zehar hainbat kontzertu antolatuta. Larrearen bizitza eta obra jasotzen dituzten liburua eta ikus-entzunezkoa ere ondu dituzte. Gaur, Urruñako elizan (Lapurdi) organo, tenor eta abesbatza kontzertua izango da.
Valentin Larrea, lantoki izan zuen kasinoko pianoan. Berazadi Larrea familiaren funtsa Valentin Larrea Iturbe (Gabiria, 1876 – Iruñea, 1970) musikari, piano jotzaile eta konposatzailearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko, eta haren bizitzaren eta obraren emaria gizarteratzeko, urte guztiko egitaraua antolatu zuten Berazadi Larrea familiako bilobek. Hainbat musika kontzertu izango dira, eta horietan entzun ahal izango da berriro ere Larreak konposatutako obra oparoa. Arlo ugaritarako sortu zituen konposizioak, hasi XX. mende hasierako Euskal Lore Jokoetarako folklorikoetatik, eta jarraitu antzoki, areto, kasino eta ‘belle-epoque’ giroko dantzaldietarako obretaraino. Iruñean garatu zuen ibilbide artistikoa eta musikala, 1898tik, Nuevo Casino Eslava elkarteko pianista titular gisara, eta hiriko erakunde, talde, orfeoi eta bestelako eragile musikalekin hornitua.
Urteko egitaraua otsailean hasi zen, berez, Itxaso Aristizabal piano jotzaileak Lezon (Gipuzkoa) eskaini zuen pianorako obren kontzertuarekin. Larrearen musikaren berreskurapen prozesuan –bilobek bultzatua–, aurreneko interpretea izan zen Aristizabal, duela zazpi urte, konposatzaile gabiriarraren aireak berriro entzunarazteko funtsezko eragileetakoa.
Gaur, ostirala, Urruñako (Lapurdi) elizan 19:00etan izango du jarraipena egitarauak. Ahots, organo eta abesbatza generoetarako Larrearen errepertorio zabala aurkeztuko dute Aitor Garitano tenor bergararrak –Beasaingo Loinatz abesbatzaren zuzendaria ere bada, gaur egun–, Ignacio Arakistain organo jotzaile azpeitiarrak eta Astigarragako Eragiyok abesbatzak, Jon Larraurik zuzenduta. 12 obra interpretatuko dituzte, horietako asko, denbora luzearen ondoren, jendaurrean berriro lehen aldiz. Sarrera doan da.
Urruñako kontzertuko egitaraua (2026-5-22, ostirala, 19:00etan):
Organoa:
– Preludio, Adagio y Fuga
– Andante en Do Mayor
– Elevación y plegaria
– Andante religioso
Tenorra eta organoa:
– Motete al Santísimo
– Panis Angelicus
– Ave Maria
– Ikazkina mendian
Abesbatza eta organoa:
– Villancico al Niño Jesús
Abesbatza:
– Eresiak
– Euskal festak
– Nere etorrera
Hurrengo aukera, igande honetan izango da, Sokoako (Ziburu, Lapurdi) elizan, 17:00etan. Arnaga Laukoteak antolatutako kontzertuan Larrearen zenbait lan joko ditu. Udan eta udazkenean garatuko dute egitarauaren mardulena, kontzertu hauekin:
- Uztailak 12. Debako elizan organoa, ahotsa eta abesbatza, Flysch Nazioarteko Organo Zikloan.
- Uztailak 16. Azpeitiko Olatz ermitan, ahotsa eta pianoa. Azpeitiko Udako Printzak jaialdian.
- Abuztuak 10. Tolosako elizan, Donostiako Organo Musika Hamabostaldian.
- Irailak 3. Iruñeko Civivox Pompelo aretoan, ganbera orkestraren kontzertua, Iruñeko Udalak antolatuta.
- Irailak 20. Gabiriako elizan, organoa, ahotsa eta abesbatza. Gabiriako Udalak antolatuta.
- Azaroak 13. Iruñeko Baluarte jauregian, ganbera orkestraren kontzertua, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak antolatuta.
- Azaroak 13. Luhuson, ganbera kontzertua, Ipar Euskal Herriko Orkestrak antolatua.
- Azaroak 14. Donibane Lohizunen, ganbera kontzertua, Ipar Euskal Herriko Orkestrak antolatua.
- Azaroak 15. Donapaleun, ganbera kontzertua, Ipar Euskal Herriko Orkestrak antolatuta.
Emanaldiez gain, Valentin Larrearen bizitzaren eta obraren biografia liburua eta ikus-entzunezko bana ere ari da prestatzen Berazadi Larrea familia. Aurkezpenak irailean egingo dituzte Donostian eta Gabirian, eta abenduan Iruñean.

Valentin Larrea, lantoki izan zuen kasinoko pianoan.Berazadi Larrea familiaren funtsa













