Musikaldiak 1.700 musikari bildu ditu goizean Legazpin
Euskal Herri osoko musika eta dantza eskoletako ikasleak herri osoan zehar zabaldu dira, kalejirak eta emanaldiak eginez. Musikari eskainitako egunak jarraipena du arratsaldean, Subeltza egunarekin.
Eguraldi eguzkitsu eta beroa lagun, musikak eta musikariek hartu dute Legazpi osoa gaur goizean, Musikaldia ospatzeko. Euskal Herriko musika eta dantza eskolen topaketa izan da, eta makina bat kalejira eta kontzertu izan dira plaza, kale, parke eta auzoetan. Doinua musika eskola anfitrioi zutela, toki askotatik iritsitako 1.700 ikasle inguru, haur, gazte eta heldu, elkartu dira Legazpin.
Aurtengo Musikaldia amaitu da dagoeneko, baina musika festak jarraipena izango du plazan arratsaldean, Subeltza egunarekin. Kolektibo horren baitan biltzen diren lau taldek kontzertuak egingo dituzte.
Lehenengo txandan Latoga, Loak eta Melting Picks arituko dira, 18:00etan hasita. Loak taldearena emanaldi berezia izango da, formazioan aldaketak egin dituztelako. Gauean, berriz, Velvet Bullets eta Xaukena arituko dira oholtzan, 22:30etik aurrera.













