BateraLabs Goierrira iritsi da, klima aldaketari tokitik erantzuteko
Ekimena Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Naturklimak bultzatu dute, eta Goiekin jarri da abian. Hogeita hamar elkarte eta eragile inguruk parte hartu dute aurreneko saioan.
Goierriko udaletako ordezkarietako batzuk, atzo arratsaldeko saioan. Izaro Villarreal BateraLabs prozesuaren hasiera ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Goiekin. Klima aldaketaren aurrean herritarren parte-hartzea sustatzeko foro berria da, Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatua, Naturklima Fundazioarekin, Ordiziako Udalarekin eta eskualdeko garapen agentziekin elkarlanean. Hogeita hamar elkarte eta eragile inguruk parte hartu zuten atzoko lehen saioan, besteen artean Ordizia, Ataun, Idiazabal, Olaberria eta Zeraingo Udalak.
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu zuenez, klima aldaketari erantzuteko beharrezkoak dira “inplikazio kolektiboa, lurraldearen entzute aktiboa eta ekarpenak herritarren bizitza hobetuko duten proiektu erreal bihurtzeko gaitasuna”. Hain justu, entzute kolektibo hori praktikan jarri zuten aurreneko dinamika horretan, pertzepzioak partekatu, arriskuak identifikatu eta elkarrekin jarduteko bideak irekitzeko aukerak landuta.
Prozesuaren helburua klima diagnostikotik eskualde bakoitzeko klima-egokitzapenerako eta -ekintzarako proiektu zehatz bat definitzerantz aurrera egitea da, lurraldean eragina izango duena. Hartara, Goierrin hasi den arren, Gipuzkoako gainerako eskualdeetara hedatzea da asmoa. Adur Ezenarroren esanetan, garrantzitsua da erakundeen, elkarte-sarearen eta tokiko eragileen arteko “lankidetza indartzea”, “hurbiltasunetik erantzun eraginkorrak emateko”.
Goierriko klima diagnostikoa
Dinamikaren aurretik, Goierriko klima diagnostiko espezifikoa aurkeztu zuten, eskualdea lurraldeko “zaurgarritasun handienen artean” kokatzen duena. Egoera hori “habitat naturalen hauskortasunari” zor zaiola jakinarazi zuten, hala nola larre menditarrak eta pagadi azidofiloak, eta baita balio ekologiko handiko espazioak egoteari ere. Aizkorri-Aratz eta Aralar naturgune babestuak ere aipatu zituzten, klima aldaketaren ondorioen aurrean “kalteberatasun maila handiak” baitituzte.
Diagnostikoan, gainera, “eskualdean zuzenean eragiten duten hainbat arrisku ertain” ere identifikatu zituzten: eguzki energia fotovoltaikoaren ekoizpenean izandako aldaketak, tenperaturaren igoerak abeltzaintzako ekoizpenean eta animalien ongizatean duen eragina, baso-eremuko suteen eta euri jasen arriskuak, eta azkenik, hiri-ingurunearekin lotutako arriskua. Hori dela eta, azaldu zuten garrantzitsua dela “eskualdearen errealitatera egokitutako erantzunak diseinatzea”.
Entzutetik ekitera
Goierriko klima-errealitatearen inguruan bertaratuek zuten ezagutza, esperientzia eta pertzepzioa jasotzeko talde txikitan jarri ziren ostera, eta talde lanean “lehentasunezko inpaktuak zein lehen jarduketa ildoak” identifikatu zituzten. Prozesuak hurrengo saioetan ere jarraituko du, eta eskualderako proiektu zehatz bat definitu arte proposamenak lehenesteko lan egingo dela aurreratu zuten, “identifikatutako arduradunekin eta ezarpenerako beharrezko orientazioarekin”.














