Produktu berrien zaparrada gaur ferian
Ibarrako pipermina iritsi da, baita mugurdia ere. Lirioak, hortentsiak eta zentaureak berriak dira, Etxaberen gazta ere bai.
Euririk ez, baina bestelako zaparradarik izan da gaur Ordiziako ferian, produktu berri ugari aurkeztu dituztelako ekoizleek. Uda gerturatzen ari da, eta badirudi ohiko geldialdiaren ondoren baratza suspertzen hasita dagoela.
Ibarrako pipermina izan da iritsi berri denetako bat. Monteseko Arantxa Iparragirrek aurkeztu du kaxakada bat, eta di-da batean saldu ere bai, gertuko jatetxe pare bateko sukaldariei. Kiloa 14 euroan jarri du.
Fruten atalean ere izan da berritasunik, eta hori Aramako Zurutuza ahizpen mugurdiek jarri dute. Marrubia duela aste batzuk iritsi zen, fruta gorrien denboraldia irekiz. Mugurdien txanda izan da gaurkoa. Kiloa 18 euroan jarri dute salgai. Laster izango dira fruta gorri gehiago.
Aramar hauen postuan loreak ere izan dira albiste, aurretik zituzten krabelinei eta peoniei zentaurea urdina gehitu dietelako. Lore sorta bakoitza 5 euroan zuten salgai.
Lore berri gehiago ere izan dira gaur, Aramatik iritsitakoak horiek ere. Lirio zuria zen horietako bat, eta sorta 5 euroan izan dute salgai Miren Jauregi eta Jaione Irazusta ama-alabek. Hortentsiak ere bazituzten, arrosa-urdinak, sorta 4 euroan.
Etxabe gazta berria
Ardi gazta berria aspaldi iritsi zen feriara, baina Andres Etxaberena falta zen. Legazpiar honek esnea erosi eta Urretxun duen pabiloian egiten du gazta, Jose Etxabe izenarekin. Beste ekoizleekin alderatuta beranduago, baina berria ere hasi da eskaintzen, naturala zein ketua. Kiloa 25 euroan jarri du salgai.
Mikologiaren atalean ere izan da berritasuna, kardu perretxikoa; Barcinaren postuan aurkeztu dute, kiloa 19 euroan. Bestela, hau guztia izan dute salgai Barcina, Lasa eta Barandiaranen artean: 250 kilo ziza, kiloa 15 eta 55 euro artean; 10 kilo ziza hori, 35 euroan kiloa, eta 90 kilo onddo, 24 eta 42 euro artean kiloa.
Bisitari gazteak
Eskola ikasturtea amaierara iristen ari dela ere nabaritzen da ferian, ikasle taldeen bisitengatik. Gaur goizean giro pare gabea jarri dute bi taldek.
Batetik, Urretxuko Gainzuriko LH-3ko ikasle talde bat izan da bisitan D’Elikatuz zentroaren bidez, eta bere kabuz joanda, Gasteizko Urkide ikastetxeko LH 5 eta 6ko beste 150 gaztetxo ere bai.
Bisitarien artean Joseba Baezena ere aipatu behar da. Azokako saltzaile izan zen duela urte batzuk. Behi gazta egiten zuen Idiazabalgo Arimasagasti baserrian, eta izen hori bera zuen gaztak ere. Baina lanbide hari utzi egin behar izan zion osasun arazoak tarteko, baita azokara saltzera joateari ere. Hala ere, tarteka agertzen da bertatik, garai hartako lagunak eta kideak agurtzera. Gaur izan da egun horietako bat.



















