Sorgintxulorekin jolas saioa larunbatean
Plazan izango da hitzordua, arratsaldean. Haur Hezkuntzako 4. eta 5. eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago. Gaur da izenak emateko azken eguna.
Legazpiko Haur Hezkuntzako 4. eta 5. eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek jolas saioa izango dute larunbat arratsaldean, Sorgintxulo aisialdi taldearekin. Plazan izango da, 17:00etatik 19:00etara, eta eguraldi txarra egiten badu, Azokan.
Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren barruan udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen zerbitzuak antolatutako ekintza da. Dinamika ezberdinak egingo dituzte Sorgintxuloko begiraleek, haurren adinari egokituta, eta euskararen erabilera sustatzea xede duten jolasak izango dira barne. Talde giroa eta parte hartzea bultzatzea izango da helburua.
Gaur 14:00etan amaitzen da izena emateko epea, udalaren webgunean.













