Etxebizitzari buruzko mozioa onartu dute aho batez Legazpiko Udaleko osoko bilkuran
Legazpi eta Donostia lotzen dituen autobus lineari buruzko beste mozio bat ere aurkeztu eta onartu dute, honako hau PSE-EEren abstentzioarekin.
Aurretik Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeak eta EH Bilduk etxebizitzaren arazoari buruz prestatu zuten mozioa erretiratu, eta PSE-EE gehituta beste bat aurkeztu ondoren, aho batez onartu zuten dokumentua atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran. Beste mozio bat ere aurkeztu zuten bileran, Goierri-Donostia autobus lineari buruzkoa, eta hori ere onartu egin zuten, baina sozialisten bi abstentzioekin.
Etxebizitzari buruzko mozioa
Honela dio Legazpiko Berdeak-Independenteak taldeak, EH Bilduk eta PSE-EEk batera aurkeztu zuten mozioak, eta aho batez onartu zutenak:
MOZIOA: ETXEBIZITZA HUTSA MOBILIZATZEKO ETA LEGAZPIN ETXEBIZITZAREN FUNTZIO SOZIALA BERMATZEKO UDAL PLANA
ZIOEN AZALPENA
Etxebizitza duina lortzea Legazpiko arazo sozial nagusienetako bat bihurtu da. Pertsona askok zailtasunak dituzte emantzipatzeko, banatzeko, udalerrian geratzeko edo bizi-proiektu egonkor bat garatzeko, etxebizitza eskuragarririk ez dagoelako eta alokairuaren zein erosketaren prezioek gora egin dutelako.
Egoera horrek gazteei eta zailtasun ekonomiko handienak dituzten familiei eragiten die bereziki, eta ziurgabetasuna, prekarietatea eta sustraien galera sortzen ditu. Errealitate horrek talka egiten du udalerrian dagoen etxebizitza huts kopuruarekin; izan ere, etxebizitza-beharra gero eta handiagoa den testuinguru honetan, baliabide hori azpi-erabilita dago. Etxebizitza ez da soilik ondare-ondasun bat, gizarte-kohesioa, ongizate kolektiboa eta herritarrek bizi-proiektu duin bat garatzeko duten eskubidea bermatzeko funtsezko elementua baizik.
Indarrean dagoen legediak tresna fiskalak, arau-emaileak eta esku-hartze publikokoak eskaintzen dizkie administrazio publikoei etxebizitza hutsen mobilizazioa sustatzeko, Gipuzkoako foru-arauan aurreikusitako errekargu fiskalak barne.
Orain arte, hobarietan soilik oinarritutako politikek ez dute emaitza nahikorik eman.
Horregatik, ezinbestekoa da etxebizitza-politika bultzatzea, laguntza-neurriak eta
hobariak tresna fiskal eta arau-emaile eraginkorrekin uztartuko dituena, betiere
segurtasun juridikoa eta interes orokorra bermatuz.
Testuinguru horretan, Legazpiko Udalak protagonismoa hartu behar du etxebizitza
hutsa mobilizatzeko eta etxebizitza eskuragarrien parkea zabaltzeko.
ERABAKIAK
Azaldutako guztiagatik, Udalak, osoko bilkuran, lan-mahai bat eratzea erabaki du,
ordezkaritza duten 4 udal-taldeez osatua, honako 3 puntu hauetan jarduteko:
Lehenengoa: Etxebizitza hutsen errolda eguneratzea eta, udalaren eskumen-esparruaren barruan, etxebizitza mobilizatzeko eta funtzio soziala bermatzeko legezko tresnak aktibatzea, eta, bereziki:
a) 2026ko Ordenantza Fiskaletan hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen
gaineko Zergaren errekargua berrezartzeko aukera aztertzea.
b) Euskadiko 3/2015 Etxebizitza Legean aurreikusitako etxebizitza hutsen kanona
ezartzeko bideragarritasun juridiko, tekniko eta ekonomikoa aztertzea.
c) Etxebizitza bulego bat martxan jartzea, etxe hutsak alokairu-merkatuan sar daitezen errazteko, alokairu eskuragarria eta Bizigune bezalako programak lehenetsiz.
Bigarrena. Gehienez ere 3 hilabeteko epean, Legazpirako Etxebizitza Plan bat idaztea eta aurkeztea, udal talde politiko guztien parte-hartzearekin, honako hauek ezar ditzan:
a) Etxebizitza hutsaren irizpideei buruzko informazioa.
b) Hartutako neurrien jarraipena, ebaluazioa eta aldizkako eguneratzea egiteko
mekanismoak.
c) Etxebizitzak mobilizatzeko ekintza berrien ezarpen-egutegia.
d) Legazpiko egoeraren azterketa eguneratua eta udalerria “eremu tentaldi” (zona tensionada) izendatzeko aukera ebaluatzea, indarrean dagoen araudiaren arabera.
e) Udalaren, beste administrazioen, jabeen eta etxebizitza-eskatzaileen arteko
lankidetza-ildoak sendotzea.
f) Herritarrek eta kolektiboek Plana egiteko parte hartzeko bideak eskaintzea.
g) Planaren emaitzei buruzko urteko txosten publikoa argitaratzea.
Hirugarrena: Hirigintza-plangintzaren esparruan, etxebizitza babestuaren eskaintza zabaltzeko eta etxebizitza-politikak Legazpiko biztanleriaren gaur egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea.
Autobus lineari buruzko mozioa
Bigarren mozioa, berriz, Goierri eta Donostia lotzen dituen GO07 autobus lineari buruzko zen, eta EH Bilduk eta EAJk sinatzen zuten elkarrekin. Mozio hau bi alderdi horien eta Legazpiko Berdeak-Independenteen aldeko bozkekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zuten. Honela zioen:
MOZIOA: UROLA GARAIA, GOIERRI ETA DONOSTIA LOTZE DIUEN GO07 LURRALDEBUSEKO LINEAREN ZERBITZU GUZTIAK LEGAZPIN GERALEKUA IZAN DEZATEN ESKATUZ
MOZIOA:
-
- Legazpiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eskatzen dio Urola Garaia, Goierri eta Donostia lotzen dituen GO07 lineako zerbitzu guztiak Legazpin geldialdia izatea.
- Udalaren ustez, Legazpin geldialdia egiten duten zerbitzuek izan duten harrera onak agerian uzten du herrian benetako eskaera dagoela, eta erabiltzaileen beharretara egokitutako zerbitzu fidagarri bat eskaintzeko beharra dagoela.
- Legazpiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eskatzen dio Legazpiko Udalarekin lankidetza aktiboa mantentzea GO07 lineako erabiltzaileen beharrak eta hobekuntza proposamenak jaso, aztertu eta helarazteko.
- Legazpiko Udalak mozio hau onartu duela jakinaraziko dio Legazpiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Sailari.













