Sutea izan da goizean Legazpiko Bellota lantegian
Makina baten tximiniak hartu du su. Suhiltzaileak bertaratu dira, baina ordurako langileek menperatuta zuten. Ez da kalte larririk izan, eta lantegiak ez du ekoizpena eten.
Bellota lantegia eskuinaldean, teilatu gorriarekin, eguerdian, sutearen ondoren. Legazpiko Bellota lantegian sute txiki bat izan da goizean, baina ez du ia kalterik eragin. Lantegiko makina baten tximiniak hartu du su, goiko aldean, eta langileek berehala lortu dute menperatzea ura botata.
Suhiltzaileei deitu diete 11:15 inguruan, eta Legazpiko eta Ordiziako parkeetako kideak bertaratu direnerako, itzalita zegoen sua, eta ingurua gainbegiratzea eta arriskurik ez zegoela ziurtatzea izan da egin duten lan bakarra.
Lantegiak ez du ekoizpena eten ere egin sutea izan den tartean.
Tximinia sutan zegoen unea bideoan jaso dute pareko lantegitik.













