PSE-EEk paper fabrikako aparkalekua etxebizitza babestuen parke bihurtu nahi du
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak atzo Legazpin egindako hitzaldian egin zuen proposamen hori talde sozialistak.
Denis Itsaso sailburua atzo Legazpin, Nerea Lopez de Heredia eta Oscar Valbuena zinegotzi sozialistekin. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburua Legazpin izan zen atzo herriko talde sozialistak gonbidatuta, etxebizitzaren arazoari eta etorkizuneko erronkei buruzko solasaldian parte hartzen. Bertan, paper fabrikako aparkalekua etxebizitza babestuen parke bihurtzeko proposamena helarazi zioten sozialista legazpiarrek.
Legazpiko PSE-EE “gero eta kezkatuago” dago udalerrian etxebizitza lortzeko dauden zailtasunengatik. “Egoera horrek gazteei eragiten die bereziki, emantzipatzeko eta etxebizitza duina lortzeko oztopo handiak baitituzte”.
Horregatik, eta “arazo hori arintzeko konpromisoari eutsiz”, paper fabrika zaharreko aparkalekuko lursailean etxebizitza babestua eraikitzeko aukera proposatu du alderdiak, udalak duela gutxi erosi duen lursailean, alegia.
PSE-EErentzat “aukera estrategikoa” da hori, “bereziki gazteei erantzuteko, Legazpin beren bizi proiektua garatu ahal izan dezaten, etxebizitza duin eta kalitatezkoekin”. Diotenez, “ezin dugu onartu gure udalerriko talentua eta etorkizuna joatera behartuta egotea, eskaintza publikorik ez dagoelako”.
Sozialisten proposamenaren helburua “ez da soilik etxebizitza kopurua handitzea, baizik eta kudeaketa publikoko eta alokairu eskuragarriko eredu baten arabera egitea, berreskuratutako lurzorua zuzenean ongizate sozialera itzultzea bermatuz”.
Etxebizitza sailaren jarduketak
Itxaso sailburuak, bere aldetik, etxebizitzen merkatuaren egoerari eraginkortasunez erantzuteko, alor horretako politikek bi abiaduratan jokatu behar dutela defendatu zuen. Batetik, “egiturazko eta epe ertain eta luzeko neurriekin, etxebizitzarako sarbidea modu sakonean eraldatzera” bideratu behar dira politikak, eta bestetik, “etxean sartzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei eta kolektiboei berehalako erantzunak emateko gai diren premiazko jarduerak” aktibatu behar dira.
Zentzu horretan, adierazi zuen Eusko Jaurlaritza erreformak eta neurriak bultzatzen ari dela hirigintza epeak murrizteko eta etxebizitzen eraikuntza bizkortzeko helburuz administrazio izapideak arintzeko. Horrez gain, “lurzoru-erreserba handia” sortzen ari dela ere esan zuen, “hirigintzan eraginez, eta lehentasunezko jarduera proiektuarekin izapidetzeko figura berriak sortuz”.
Gainera, Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak “aurrekontu publiko errekorrak” dituela ere azaldu zuen, eta Etxebizitzaren aldeko Gizarte Funtsaren bidez finantzaketa publiko-pribatua indartzen ari dela ere bai. Era berean, “eraginkortasuna hobetzeko eta eraikuntza-sektorearen erritmoa handitzeko” eraikuntza industrializatuaren aldeko apustua egiten ari den apustua azpimarratu zuen, eta partzelen lagapena errazteko eta etxebizitzak eraikitzeko akordioak sustatzeko udalekin akordioak areagotzen ari direla ere bai.
PSE-EEk “etxebizitza eskuratzeko erraztasunak emango dituzten politika publikoak bultzatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, batez ere gazteen artean”.













