Arabarren plazan, arabar bat eta goierritar ugari
[ARGAZKIAK] Goierriko Irakurleen VIII. Topaketa egin dute Seguran. Katixa Agirre idazlearekin elkartu dira, eta bere 'Barne zerbitzuak' lanaren inguruan aritu dira.
Katixa Agirre eta Olatz Etxeberria, Goierriko Irakurleen VIII. Topaketan.Laida Goiburu Seguran, arabarren plazan elkartu dira aurten Goierriko irakurle taldeetako kideak, Goierriko Irakurleen VIII. Topaketan. Eta arabar bat izan da gonbidatua: Katixa Agirre (Gasteiz, 1981). Bere azken lana den Barne zerbitzuak eleberrian oinarrituta, taldetan memoria historikoaren inguruan hausnartu dute parte hartzaileek.
Azpilla dantza taldeko haurrek ireki dute ekitaldia, dantza emanaldi batekin. Keinu egin diote topaketari; saskiaren ordez, liburuak eskuetan atera dira dantzara. Ondoren, Olatz Etxeberria Segura Irratiko esatariak gidatuta, bere lanaren inguruan hitz egin du Katixa Agirrek. Azaldu du liburua pelikula bat izango balitz bezala kontatzea erabaki zuela lana nola garatu zehaztu ezinean zebilenean, eta liburuak “iraganarekiko beste harreman bat eraikitzeko” baliagarri izan zaiola: “Sortu dut zubi edo lotura hori pertsonalki iragan horrekiko, eta ez dut hain iragan sentitu; gure bizitza gaur egun den modukoa da iragan horregatik”.
1937-1943 urteetan kokatzen da Barne zerbitzuak. Gerra kontakizun bat izatetik harago, haien bizia jokatu eta beste bizi asko salbatu zituzten emakumeei buruzkoa da.
Azken eleberriaren ondotik, “atsedenaldian-edo” dago Agirre, baina baditu ideiak buruan: “Bi proiektu ditut buruan, baina hitz bat bera ere ez dut idatzi”.
Hitzaldiaren ostean, Ainitze Arretxe Segurako irakurle taldeko kideak topaketarako egin duen Isilpekoak izenburuko idatzia irakurri du: “Isiltasuna ezpainetan josiz, sarea ehuntzen trebe, zuek zarete hizkuntzaren ehule, ametsen sukalde. Hitza bada kanporako bidea, indartsu eta librea. Iragan iluna zuen ahotan ederrago loratua, iraganetik orainerako jauzia irudikatuz dotore, atzo ereindako hazia gaurko topagune. Elkartzen gaituena da eder, sendo eta bizia, hitzaren arnasaz jantzi dugu euskararen herria”.
Lanean jarri dira ondoren topaketako partaideak. Koloretako gozokiak poltsa batean jarri, bakoitzak bana hartu eta taldetan banatuta elkartu dira, hausnarketak partekatzera.













