Gorengo mailako saskibaloiaz gozatzeko aukera izango da Beasainen Euskal Koparekin
Inversus Gernikak (Gernika KESB), Mirai Euskotrenek (Ibaeta Basket) eta Kutxabank Araskik (Araski AES) triangularra jokatuko dute asteazken, ostiral eta igandean banatuta.
Jon Santamaria (Mirai Euskotren), Koldo Arsuaga (federazioa), Leire Artola alkatea, Oskar Rodriguez (BKL), Gorka Nuñez (Kutxabank Araski) eta Ane Olaeta (Inversus Gernika), Euskal Kopa aurkezteko prentsaurrekoa hasi aurretik.Laida Goiburu Gorengo mailako saskibaloiaz gozatzeko aukera izango da hurrengo astean Beasainen, Euskal Kopa jokatuko baita Antzizar kiroldegian. Espainiar estatuko emakumezkoen gorengo liga den Liga Femenina Endesan jokatzen duten hiru euskal taldeek parte hartuko dute Beasainen izango den txapelketan: Inversus Gernikak (Gernika KESB), Mirai Euskotrenek (Ibaeta Basket) eta Kutxabank Araskik (Araski AES). Doakoa izango da sarrera.
Triangular formatuan jokatuko da, asteazken, ostiral eta igandean banatuta. Asteazkenean, irailaren 23an, Inversus Gernikak eta Kutxabank Araskik jokatuko dute elkarren aurka, 19:00etan. Ostiralean, ordu berean, Kutxabank Araskik eta Mirai Euskotrenek jokatuko dute. Eta igandean, aldiz, 12:00etan, Inversus Gernikak eta Mirai Euskotrenek.
Zaleei zein zale ez direnei deia
Gaur eguerdian aurkeztu dute Beasaingo udaletxean ekimena udaleko, BKL klubeko, saskibaloi federazioko eta hiru taldeetako ordezkariek. Leire Artola alkateak azaldu du “plazer bat” dela horrelako txapelketa bat antolatzea udalarentzat, eta “berdintasunaren alde egiten den apustu bat ere” badela esan du. Elkarlanean antolatutako ekitaldia den heinean, eskerrak eman dizkiote alde guztiek elkarri.
Koldo Arsuaga federazioko ordezkariak lehen mailako taldeen borondatea eskertu du, eta saskibaloi zaleei zein zale ez direnei luzatu die deia: “Ikusiko dute ze maila altuko hiru talde dauzkagun, zorte handia daukagu eta animatu ikustera”.
BKL klubeko Oskar Rodriguezek Beasain bezalako herri batentzat eta BKL bezalako klub batentzat horrelako txapelketa bat hartzeak duen garrantzia nabarmendu du, eta berak ere herritarrak eta ingurukoak animatu ditu ikustera: “Aukera paregabea izango da liga hasi aurretik hiru taldeak ikusteko”.

Gorka Nuñez beasaindarra, Kutxabank Araskiren prestatzaile fisikoa, gaur, udaletxeko prentsaurrekoan. Ondoan, Jon Santamaria eta Koldo Arsuaga.Laida Goiburu
Derbiak, liga hasi aurretik
Protagonista nagusi izango diren hiru taldeetako ordezkariek ere hartu dute hitza. Jon Santamaria Mirai Euskotreneko zuzendari teknikoak denboraldiaurrean eta ligari ekiteko momentuan jarri du arreta: “Lehiatzeko desiratzen gaude, eta Euskal Kopa hau eszenatokirik onena da”.
Haren esanetan, denboraldiaurrea ongi badoakie ere, non dauden eta inkorporazio berriek nola erantzuten duten ikusteko aukera eskainiko die txapelketak. “Gernika eta Araskiren aurka jokatzen hastea baino hoberik ez dago horretarako. Denboraldian errepikatzen den derbi giro hori egotea espero dugu”.
Gorka Nuñez beasaindarra da Kutxabank Araskiren prestatzaile fisikoa. Beasainen izatea berezia da horregatik berarentzat: “Beasaindar bezala plazera eta ohorea da hemen gure taldearekin egotea, jaio eta hazi naizen herrian”. Berak ere herritarrak ikustera animatzeko aprobetxatu du hitzaldia: “Liga Femenina munduko liga onenetarikoa da eta aukera bat da ikusteko zertarako gai diren emakume batzuk saskibaloian”.
Aurkezpena amaitzeko, Ane Olaeta Inversus Gernikako jokalariak hitz egin du. “Derbi denak bereziak direlako”, Beasaingo txapelketa ere gustura, “pozik eta gogo handiarekin” hartuko dutela adierazi du. “Proba ona izango da denboraldiaurrea amaitzeko”.

Ane Olaeta Inversus Gernikako jokalaria gaurko prentsaurrekoan hitz egiten. Ondoan, Leire Artola eta Oskar Rodriguez.Laida Goiburu
Euskal Kopa
Antzizar kiroldegian jokatuko dira partida guztiak.
- Asteazkena, irailak 23: Inversus Gernika-Kutxabank Araski. 19:00etan.
- Ostirala, irailak 25: Kutxabank Araski-Mirai Euskotren. 19:00etan.
- Igandea, irailak 27: Inversus Gernika-Mirai Euskotren. 12:00etan.













