Alfredo Suarez eta Adriana Real, Euskadiko judo selekzioarekin hurrengo denboraldian
Suarez 21 urtez azpikoen junior mailan lehiatuko da, eta Real 18 urtez azpikoen kadete mailan. Biak Judo Legazpi klubeko kideak dira.
Alfredo Suarez eta Adriana Real legazpiarrak Euskadiko Selekzioak hautatu ditu datorren denboraldian euskal judoaren koloreak defendatzeko. Bi judokak Judo Legazpi klubeko kideak dira. Suarez 21 urtez azpikoen junior mailan lehiatuko da, eta Real 18 urtez azpikoen kadete mailan.
Legazpiko judoaren 40 urteko ibilbidean lehen aldia da herriko bi kirolari aldi berean deitzen dituztela euskal selekzio gorenean aritzeko. Judo Legazpi klubeko lehendakaria den Asier Berasategik adierazi duenez, “harro egoteko modukoa da kluba egiten ari den lana ikustea. Emaitza hauek ez dira zortearen ondorio, urteetako dedikazio, sakrifizio eta gure gazteenganako pasioaren fruitu baizik. Legazpi herri txikia da, baina talentuz eta bihotzez handia”.













