Bake Epaitegia lekuz aldatu dute Legazpin
Lehen udaletxeko beheko solairuan zegoen kokatuta eta orain Santurnino Telleriako udal lokaletan. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara dago zabalik. Hainbat tramite on line egin daitezke.
Legazpiko Bake Epaitegiak egoitza berria du. Joan den ostiralean, udaletxeko beheko solairuan zuen bulegoa Saturnino Telleria 1ean udalak dituen lokaletara aldatu zuen, lehen musika eskola zegoen lekura. Han egokitutako bulego berrietan gauzatuko ditu aurrerantzean bere funtzio administratiboak eta judizialak.
Lehen bezala, astelehenetik ostiralera egongo da irekita, 09:00etatik 14.00etara, eta lehengo telefono zenbakia eta helbide elektronikoa mantenduko ditu, hau da, 943 73 71 70 eta epaitegia@legazpi.eus.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, egoitza aldatzeak irisgarritasuna eta jendearentzako arreta hobetzea du helburu, «herritarrentzako funtsezko zerbitzu horren hurbiltasuna mantenduz».
Epaitegiaren zerbitzuak
Bake Epaitegia Justizia Administrazioaren organoa da, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Besteak beste, Erregistro Zibilarekin zerikusia duten izapideak egiten ditu, hala nola, jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen inskripzioak, eta ziurtagiri ofizialak ematea. Gainera, adiskidetze ekitaldiak, komunikazio judizialak eta garrantzi txikiagoko prozedura judizialekin lotutako beste jarduketa batzuk kudeatzen ditu.
Bake Epaitegien barruan, Justizia Administrazioaren ordezkari nagusia bake epailea da. Legazpikoa Patxi Otaegi da, 2005etik. Kargua lau urtetik behin berritzen da, eta azken berritzea iazko urrian izan zen.
Zerbitzu digitalak
Epaitegiko hainbat tramite on line egin daitezke, hala nola, jaiotza, ezkontza edo heriotza ziurtagiriak eskatzea. Hauek udalaren www.legazpi.eus eskatu eta postaz etxean jasotzeko aukera dago, edo bulegoan bertan.
Beste eskaera batzuk ere egin daitezke, azken nahien tramitazioarena, bizi agiriarena, nazionalitatearena edo izen aldaketarena. Hauen tramitazioa bukatzeko, epaitegiko bulegoetatik pasa behar da derrigor













