Gipuzkoako bola eta toka txapeldunak erabakita
Olaberrian jokatu dira Gipuzkoako bola eta toka txapelketak. Bolatan Garbiñe Alustiza zeraindarra eta Joxe Mari Etxebeste villabonatarra izan dira txapeldun. Tokan, Jose Antonio Calvo urretxuarra eta Elena Aldaz zarauztarra.
Gipuzkoako bola eta toka txapeldunak.I.A. Olaberrian Gipuzkoako bola eta toka txapelketak jokatu ziren larunbatean. Bertan aurretik sailkatutako jokalariek hartu zuten parte goizean goiz hasi eta eguerdian bukatu zen lehiaketan. Denboraldi amaierako saioak izan ziren.
Toka txapelketa
Toka txapelketari dagokionean, betiko formatuan jokatu zuten, tokalari bakoitzak probako tiraldi bat eta sei balioko bota zituen (tiraldia sei jaurtiketaz osatua dago). Gizonezkoen artean Jose Antonio Calvo urretxuarra eta Iñaki Maiz gabiriarra nagusitu ziren hamaikana jota. Hala ere, desenpatea Calvok irabazi eta txapela lortu zuen.
Emakumezkoen mailan, Elena Aldaz zarauztarra izan zen irabazlea 7 punturekin. Bigarren postua Martxeli Kanflanak lortu zuen 5 punturekin.
Bola txapelketa
Bola txapelketan, berriz, hainbat kanporaketa jokatu zituzten. Lehenengoetan sei bola bota zituen bolari bakoitzak eta gehien jotakoak pasa ziren hurrengo kanporaketetara. Finalean bi bolarik buruz buru jokatu zuten elkarren aurka, txanda honetan bakoitzak zortzi bola bota behar izan zituen.
Gizonezkoen mailan 25 bolarik bota zuten lehen kanporaketan eta 12 sailkatu ziren. Bigarren txandan egindako jokoen maila asko igo zen, eta sei sailkatuek 35 birla baino gehiago jo behar izan zituzten hurrengo txandarako sailkatzeko. Finalerdietan Joxe Mari Etxebeste eta Xabier Lazkano gailendu zitzaizkien beste bolariei bakoitzak 36 birla jota. Azkenik, finalean, Etxebestek sekulako erakustaldia eman eta hiru zazpiko jota 51 jo zituen. Lazkano saiatu zen, baina ezin izan zuen Etxebestek egindako jokoa berdindu 42 jota. Txapela Etxebestek jantzi zuen.
Emakumezkoen mailak hiru txanda izan zituen. Hasieran hamar bolari hasi ziren eta lau hoberenak sailkatu ziren finalerdietarako 26 baino birla gehiago jota. Finalerdietan Beatriz Unzue sailkatu zen lehenengo 35 birla jota. Garbiñe Alustiza eta Nekane Etxeberriak desenpatea jokatu behar izan zuten biek 30 birla jo zituzten eta. Finalera Alustiza pasa zen. Finalean, lehenengo Alustizak bota zituen bolak joko bikaina egin zuen 47 birla jota. Unzuek 40 birla jo zituen eta Alustizak irabazi zuen txapela.
Saridunak ondorengoak izan ziren:
Gipuzkoako bola txapelketa
- Gizonezkoak
- Joxe Mari Etxebeste (Villabona)
- Xabier Lazkano (Ategorrieta)
- Itoiz Alustiza (Legorreta)
- Iosu Lazkano (Ategorrieta)
- Emakumezkoak
- Garbiñe Alustiza (Zerain)
- Beatriz Unzue (Villabona)
- Nekane Etxeberria (Andoain)
- Olatz Larrañaga (Donostia)
Gipuzkoako toka txapelketa
- Gizonezkoak
- Jose Antonio Calvo (11) (Urretxu)
- Iñaki Maiz (11) (Gabiria)
- Iosu Lazkano (10) (Ategorrieta)
- Juan Mari Iñurritegi (9) (Legazpi)
- Emakumezkoak
- Elena Aldaz (7) (Zarautz)
- Martxeli Kanflanka (5) (Ereñotzu)

Olaberriko bola jardunaldia.

Olaberriko toka jardunaldia.

Gipuzkoako bola eta toka txapeldunak.













