EH Bilduk ‘Goierrin Bat Egin’ eguna egingo du Lazkaon larunbatean
EH Bilduren Goierriko komunitatea elkartzeko eta saretzeko helburua du topaketak.
Goierriko EH Bilduk 2024an Ordizian egindako ekitaldi politiko baten irudia. Laida Goiburu Goierri Bat Egin egitasmoa aurrera eramango dute Lazkaon, larunbatean, EH Bilduren Goierriko komunitatea elkartzeko eta saretzeko helburuarekin. Lazkaomendiko Lartxai Elkartera mendi martxa eginez hasiko dute eguna, 09:30ean. Joxe Mari Ormazabal Lazkaoko EH Bilduko zinegotziaren esanetan, mendia hausnartzeko eta elkarrizketarako leku «paregabea» da: «Lazkaotik pentsatu dugu Suki eta Amundarain ingurutik igotzea, ondoren Lartxaira jaisteko».
Beste herrietakoei ere luzatu diete gonbidapena, eta Lazkaomendiko elkartean hamaiketakoa egingo dute. Ondoren, Lazkaora jaitsiko dira ekitaldi politikoa egingo baitute 12:30ean. Bertan, Maddalen Iriartek parte hartuko duela aurreratu du Ormazabalek.
Iker Sukiarekin eta Aritz Markinezekin kalejira izango da, 13:00etan eta bazkariarekin amaituko dute eguna, 14:30ean. Bazkariaren prezioa 20 eurokoa da, baina gazte eta langabeena 10 eurokoa. Lazkaoko Herrikoan dago izena emateko zerrenda jarrita, eta ostegunera arte egongo da.
Egoera konplexua
Gaur egun bai nazioartean eta herrietan gizarteak «arazoak» dituela berretsi du Lazkaoko EH Bilduko hautagaiak: «Guk bakarrik badakigu ez ditugula konponduko, baina konponbidearen parte izan nahi dugun heinean, aktibatuta egon behar dugu».













