Klima Tour Azoka Legazpira iritsiko da bihar
Herriko ikasleek babesleku klimatikoen inguruan egindako lana aurkeztuko dute Plazaola kalean, eliza atzealdean egokituko duten gunean. Hurrengo asteartean Agenda 2030 foroa bilduko da Gizarte Zentroan.
Urrexu eta Zumarragatik igaro ondoren, bihar Legazpira iritsik da Klima Tour Azoka. Goierri garaiko Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten Legazpiko ikasleek klima aldaketaren eta horren ondorioen inguruan egindako lanketaren emaitzak ezagutzeko hitzordua izango da.
Plazaola kalean, eliza atzealdean egongo da kokatuta Klima Tour Azoka, 10:00etatik 12:30era bitartean. Ikasleek postuak jarriko dituzte bertan, eta babesleku klimatikoei leku berezia eskainiko diete, horixe izan baita Eskolako Agenda 2030ean azken hilabeteetan landu duten gaia.
Babesleku klimatikoen beharrari buruz kontzientzia pizteko, “Itzalkideak” deituriko figurak izango dira feria honetan. Aterki zuriak soinean, herritarrak azokara hurbildu eta informazioa jasotzera gonbidatuko dituzten lagunak dira. Azokan, besteak beste, ikasleek osatutako Klima aldaketa eta egokitzapena erakusketa egongo da ikusgai, klima larrialdiaren aurrean hartu beharreko neurriak eta egokitzapen estrategiak ezagutzera emateko. Sariak ere banatuko dira bertara hurbildu eta galdetegi labur bat erantzuten duenen artean.
Klima foroa, asteartean Gizarte Zentroan
Bestalde, datorren asteartean hilak 9, Legazpi Klima 2030 Foroa bilduko da 18:00etan Gizarte Zentroan. Bertan, ikasleak ere Eskola Agenda 2030ean jorratzen ari den aterpe edo babesleku klimatikoen gaiaren inguruan hitz egingo da.
Gai honi eskainitako bigarren foroa izango da. Aurrekoan, herrian aterpe klimatiko bihurtzeko potentziala zuten puntuak identifikatu zituzten, eta astearteko saioan aterpe horiek martxan jartzeko funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola, eskaini behar dituzten ekipamenduak eta zerbitzuak, komunikazioa, eta sare baten aktibazioa.
Herritar guztiak daude gonbidatuta bilera honetan parte hartzera.













