Ampo kooperatiba markak hausten
Idiazabalgo Ampo kooperatibak 281 milioi euroko fakturazio mailarekin itxi du 2025a. 2023an eta 2024an inoizko zifra onenak lortu ondoren, kooperatibak bere markak hautsi ditu berriro 2025ean. Energia sektoreko erreferente teknologiko gisa duen posizoa sendotu du.
Idiazabalgo Ampo kooperatibak 281 milioi euroko fakturazio mailarekin itxi du 2025a, nazioartean izan duen hazkundea sendotuz eta munduko energia eta industria konpainia nagusien bazkide estrategiko gisa duen posizionamendua indartuz.
Ampo lider globala da balbulen eta balio teknologiko handiko sistemen diseinuan eta fabrikazioan, energia sektoreko aplikazio zorrotzenetarako, eta erreferentzia da nazioartean erabat mekanizatutako galdaketa-osagaietan.
Prentsa oharrean nabarmendu dutenez, 2023an eta 2024an inoizko zifra onenak lortu ondoren, kooperatibak bere markak hautsi ditu berriro 2025ean, eta bilakaera positiboari eutsi dio, bai fakturazioan, bai eskaera zorroan. Hori guztia, bere dibertsifikazio sektorialak, bere gaitasun teknologikoak eta bere balio erantsi handiko soluzioen aldeko apustuak bultzatuta.
Amporen jarduerak hazten jarraitu duela nabarmendu dute, batez ere sektore estrategikoetan, “hala nola GNLan, gasaren garraioan eta prozesamenduan, fintzean eta petrokimikan, meatzaritzan, subsea-n eta karbono gutxiko energietan, eta eskaera-zorro sendoa eta lan-karga handia finkatu ditu 2026rako”.
Bilakaera
Ampoko zuzendari nagusia den Ibon Imazek azpimarratu duenez, “Amporen bilakaerak gero eta zorrotzagoa eta teknologikoagoa den industria eta energia ingurunera egokitzeko dugun gaitasuna islatzen du. Gure bezeroen konfiantzak, gure posizio dibertsifikatuak eta berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta soluzio aurreratuen garapenaren aldeko gure apustuak modu jasangarrian hazten jarraitzeko eta maila globalean erreferentziazkoak diren bezeroekin harreman estrategikoak finkatzeko aukera ematen digute. Horren erakusgarri da 2026. urte honetarako eta 2027. urtearen hasierarako jarduera bermatuta dugula”.
Nazioartean sendotzea eta proiektu estrategikoak
Ampok 2025ean bere presentzia indartzen jarraitu du konplexutasun handiko proiektu energetiko eta industrialetan Estatu Batuak, Ekialde Ertaina, Asia eta Australia bezalako funtsezko merkatuetan.
Gainera, Idiazabalgo kooperatibak “bere lidergoa sendotzen jarraitu du GNLaren sektorean, tamaina handiko eta balio teknologiko handiko milaka balbula kriogeniko hornituz likidotzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta gas natural likidotua birgasifikatzeko nazioarteko zenbait terminal eta proiektu nagusirentzat; horien artean, nabarmentzekoak dira Louisiana, Port Arthur eta Rio Grande LNG Estatu Batuetan, Fuqing eta Caofeidian Xintian LNG Txinan eta North Field South (NFS) project Qatarren”.
Eta Ampok, subsea eta offshore aplikazioetan hazten jarraitu du, eta “soluzio aurreratuak garatu ditu oso zorrotzak diren eragiketa inguruneetarako, hala nola Saudi Arabiako Zuluf edo Marjan, Turkiako Sakarya eta Australiako Shell Crux proiektuetan, besteak beste”.
Bestalde, gasaren garraioak eta prozesamenduak kooperatibaren hazkundearen beste eragile nagusietako bat izaten jarraitu duela nabarmendu dute, “batez ere Saudi Arabian duen kokapen sendoari esker; izan ere, bertarako neurri handiko balbulak garatu ditu Mastergas, Jafurah edo Jadhili bezalako proiektu estrategikoetarako”.
Meatzaritza-arloari dagokionean, “bereziki mineral estrategikoekin eta zerbitzu zorrotzeko prozesuekin lotutako proiektuetan, Amporen beste foku nagusietako bat izan da. Gainera, ISS (Integrated Smart Solutions) soluzioetan duen posizionamendua indartu du, eta balbulen hornikuntzatik fluidoen manipulazio adimendunerako sistema osoen diseinu eta fabrikaziorantz eboluzionatu du. Brasilen, Txilen edo Marokon, esaterako, ohiko soluzioak baino % 50 gehiagoko balio-bizitza duten balbulak hornitzea lortu du. Era berean, ISS sistema osoak hornitzea lortu du, hala nola Brasilgo CBMM konpainiari emandakoa. Hori ISS sistema oso bat da, eragingailu hidraulikoak dituzten balbulak, kontrol-panelak, potentzia hidraulikoko unitate bat (HPU), ingeniaritza-zerbitzu aurreratuak, muntaketaren ikuskapena eta martxan jartzea biltzen dituen zerbitzu eta sistema”.
Gainera, “fintzea eta petrokimika bezalako sektoreetan konpainiak bere presentzia handitzen jarraitu du, nazioarteko proiektuetan parte hartuz, hala nola Jubail eta Riyas Saudi Arabian edo Meram Arabiar Emirerri Batuetan”.
Mugarri horiek guztiek erakusten dute Idiazabalgo kooperatibak merkatuan duen dibertsifikazio-maila handia. “Horrela, Gas Natural Likidotuaren (GNL) sektorean erreferente izatetik fintzearen, meatzaritzaren, subsea-ren, kimikaren eta petrokimikaren sektoreetan erreferente izatera igaro da, bezeroei balio erantsi handia emanez eta haientzat bazkide estrategiko gisa sendotuz”.

Arabia Saudiko Aramcorako balbula.Ampo
Berrikuntza eta garapen teknologikoa
Berrikuntzak Amporen “zutabe estrategiko nagusietako” bat izaten jarraitzen duela azpimarratu dute. “Kooperatibak apustu sendoa egiten jarraitzen du teknologia berriak, soluzio adimendunak eta balio erantsi handiko produktuak garatzearen alde, gero eta aurreratuagoa eta efizienteagoa den industria baten beharrei erantzuteko”.
Era horretan, Ampok teknologia propioak sustatzen jarraitzen du, hala nola bola hiperzentrikoko balbulak. “Teknologia horri esker, Ampok, adibidez, Kazakhstanen TCO (Tengizchevroil) proiektu estrategiko batean zeuden 82 balbula ordezkatzea lortu zuen 2025ean”.
Gainera, azpimarratzekoa da “balio teknologiko handiko eta konplexutasun tekniko handiko subsea balbulen soluzio berritzailea, ur sakonetan lur arraroak ateratzeko japoniar ekimen berritzailerako garatu eta hornitu duena. Proiektu handinahia da hori eta nazioartearen arreta bereganatzen ari da, itsas mailaren azpitik ia 6.000 metrora jarduten duelako. NuStar Technologies-ek JAMSTECentzat (Itsasoko eta Lurreko Zientzia eta Teknologiarako Agentzia Japoniarra) garatutako Berrikuntza Programa Estrategikoko (SIP) modulu batean integratutako sistemak behar bezala gainditu ditu erabateko sakontasun operatiboko kualifikazio-probak, eta mugarri garrantzitsua izan da subsea-meatzaritzako teknologian. Itsas eta Lehorreko Zientzia eta Teknologiarako agentzia japoniarrak proba hori nabarmendu du, sakonera horretan egindako munduko lehena delako”.
Hortaz, garbi dute Ampoko arduraduenek, “konpainiak diziplina anitzeko talde espezializatu bat du, soluzio, teknologia eta sistema aurreratu berriak garatzen diharduena. Hori guztia funtsezkoa da nazioarteko merkatuan duen posizionamendu diferentzialari eusteko”.
Trantsizio energetikoa eta soluzio jasangarri berriak
Trastsizio energetikoaren alorrean, Ampok “zeregin aktiboa izaten jarraitzen du”, hidrogenorako, karbonoa atzitzeko, bioerregaietarako eta erregai sintetikoetarako soluzio aurreratuak garatuz.
Datu zehatzagoak ere eraman dituzte: “Hidrogenoaren esparruan —etorkizuneko energia-bektore handienetako bat—, kooperatibak balio teknologiko handiko soluzioak garatzen jarraitzen du hidrogeno likidoaren aplikazioetarako (kasu batzuetan abiazioaren sektorerako), baita hidruro metalikoetan oinarritutako energia biltegiratzeko sistema berritzaileak ere. Horrela, hidrogenoaren balio kateko segmentu aurreratuenetako batean duen posizionamendua indartzen du”.
Karbonoa atzitzeari eta biltegiratzeari (CCUS) dagokionez, Ampok nazioarteko proiektu estrategikoetan parte hartzen jarraitzen du, “eta balbulak eta soluzio espezializatuak eskaintzen ditu CO₂ xurgatzeko, bereizteko eta atzemateko prozesuetarako, horrela deskarbonizaziora bideratutako teknologietan duen esperientzia sendotuz”. Beste proiektu batzuen artean, “nabarmentzekoa da Ampo hautatu dutela Indonesian BPren Tangguh Ubadari Compression and Carbon Capture (UCC) proiekturako balio teknologiko handiko 265 balbula baino gehiago hornitzeko. Ekimen hori funtsezkoa da Indonesiak energiaren eta deskarbonizazioaren arloan aurrera egiteko egiten dituen ahaleginetan”.
Era berean, kooperatibak parte hartze aktiboa du bioerregai aurreratuen eta erregai jasangarrien produkzioari lotutako proiektuetan ere, eta energia konpainia nagusiei laguntzen die energia eredu jasangarriagoetara egokitzeko eta eraldatzeko prozesuetan.

Subsea balbula.Ampo
2026rako aurreikuspenak
2026ra begira, Ampo kooperatibak % 15 eta % 20 arteko hazkundea aurreikusten du fakturazioan, “eskaera zorro sendo batek eta merkatu testuinguru ezohiko batek —energiaren merkatu globalean egindako inbertsio-maila altu batek markatua— babestuta. Horri gehitu behar zaio balio erantsi handiko soluzioen hazkundea eta sektore estrategikoetan nazioartean duten presentzia sendotu izana”.
Idiazabalen, Indian, Saudi Arabian eta Kazakhstanen ditu ekoizpen plantak eta 1.000 pertsonako lan taldea ditu Ampok. “Konpainiak berrikuntzaren, eraginkortasun operatiboaren eta irtenbide teknologiko berrien garapenaren alde” lan egiten jarraituko du, “energia industriaren erronka handiei eta eredu jasangarriagoetarako trantsizioari erantzuten jarraitu ahal izateko”.













