'Azoka eta Elikadura Osasuntsua' programari amaiera eman diote
Usurbe antzokian egindako ekitaldian ikasleek landutako ikus-entzunezkoak proiektatu dituzte. Ekimenaren helburua "gaztetatik elikadura ohitura osasungarriak zabaltzea eta Beasaingo azokaren nortasuna eta balio sozial eta ekonomikoa indartzea" izan da.
Leire Artola Beasaingo alkatea ekitaldiaren aurkezpena egiten.Laida Goiburu. Beasaingo Udaleko, herriko ikastetxeetako, Osakidetzako, Minbiziaren Aurkako Elkarteko eta tokiko ekoizleen ordezkariek 2025/2026 ikasturteko Azoka eta Elikadura Osasuntsua programari amaiera eman diote Usurbe antzokian egindako ekitaldian. Ikasleek egindako ikus-entzunezkoak aurkeztu dituzte, hiru urtetako ibilbidea borobilduta.
Programaren helburu nagusia, udalaren hitzetan, “gaztetatik elikadura ohitura osasungarriak zabaltzea eta Beasaingo azokaren nortasuna eta balio sozial eta ekonomikoa indartzea” izan da, Eskolako Agenda 2023ko 12. Garapen Jasangarriko Helburuarekin –ekoizpen eta kontsumo arduratsua– bat eginik: “Aurten, gainera, programak ahalegin berezia egin du herriko familiak eta gurasoak azokara erakartzeko, ikasleek etxeetan elikadura ohitura osasuntsuen eta bertako produktuen kontsumoaren garrantziaz jabetzeko”.
Herriko ikasleek ikasturte osoan zehar landutako sormena izan da protagonista ekitaldian. Leire Artola alkateak nabarmendu du ekimena “elkarlanaren eredurik onena” dela, udalaren Andramendi Ikastolaren, Alkartasuna Lizeoaren, La Salle ikastetxearen, Murumendi Eskolaren, Beasaingo Institutuaren, Orekan zentroko Amaia Aierbe dietistaren, Osakidetzako adituen eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen “inplikazio aktiboa” izan baitu.
Neguko bisitetako uzta, bideoan
Osakidetzako Eluska Gonzalez eta Elena Calvillo erizainek eta Minbiziaren Aurkako Elkarteko Laura Mongelos psikologoak ikasturteko lehen hiruhilekoan Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek egindako tailerrak ekarri dituzte gogora; emozioak, jolasak eta gosari osasuntsuak landu zituzten erizaintza, pediatria eta psikologia profesionalen laguntzarekin.
Ikasleen ikus-entzunezkoak proiektatu dituzte ondoren. Neguan herriko hainbat baserri eta baratze –Artzabaltza, Oñatibi Txiki, Mendiaren baratzea eta Gipuzkoako Erlezain Elkartea– bisitatu ondoren, ekoizleen eguneroko lana erregistratu dute ikasleek iragarki eta bideo formatuan. Azokako bideo orokorra eta barazkien lanketari lotutakoa Andramendi Ikastolako ikasleek egin dute, sagarren eta loreen lanketa La Salleko ikasleek, eztiarena Murumendi Eskolakoek, ogiarena Alkartasuna Lizeokoek, eta Tori banaketa sistemarena Beasaingo Institutukoek.
Lanak webgunean ikusgai
Beasaingo Udalak ikasleek egindako lan horiek webgunean jarriko ditu ikusgai, azokaren atalean, eta ezagutzera emango ditu sare sozialen bidez eta kaleko informazio pantailen bidez.
Azokak duen “etorkizun berritzaile eta modernoan” jarri du fokua udalak, eta ikasleen lanak “gurasoek azokan zer egiten den, zer saltzen den eta zein produktu paregabe dauden ezagutzeko leiho bat” direla aldarrikatu: “Bideoen aurkezpena aitzakiatzat hartuta, familiak azokara hurbiltzea, ekoizleenganako konfiantza sendotzea eta elikadura osasungarriaren kultura sukalde guztietara zabaltzea izan da xedea”.

Eluska Gonzalez eta Elena Calvillo Osakidetzako erizainak, eta Laura Mongelos Minbiziaren aurka Gipuzkoan Elkarteko psikologoa.













