Goierriko Jazzaldia, uztailaren 1etik 4ra Ordizian
Hamahirugarren jazzaldia da, eta aurreko bi ekinaldietan bezala, Ordizian egingo dira ekitaldi guztiak.
Badator 2026ko Goierriko Jazzaldia, eta beste behin ere, jazz doinuen topagune izango da lau egunez Ordizia. Uztailaren 1etik 4ra bitartean ospatuko da urtez urte eskualdean errotzen joan den ekimenaren hamahirugarren edizioa, eta urteetan zehar lekuak aldatu badira ere, ekimenaren helburuak hasierako bera izaten jarraitzen du: jazz musika Goierri eta inguruko bailaretako herritar guztiei hurbiltzea, adin guztietako ikus-entzuleei kalitatezko kultur eskaintza eskainita.
Antolakuntzak dinamikaren atzean dagoen lana azpimarratu nahi izan du: “Urte hauetan guztietan Goierriko Jazzaldian parte hartu duten musikarien zerrendari erreparatzea nahikoa da egindako lanaren kalitatea eta arrakasta ulertzeko”. Babesle eta laguntzaileen sostengua ere eskertu nahi izan dute: “Halako kultur ekimen bat ezinezkoa litzatekeela erakundeen laguntzarik gabe”.
Bide horretan, 2026ko ekinaldian parte hartuko duten gonbidatuak zeintzuk izango diren aurkeztu dituzte, eta aurreratu dute, “kalitate handiko eta askotariko gonbidatuak” izango direla. Kontzertu bereziak, estilo ezberdinak eta maila handiko musikariak izango dira protagonista.
Uztailak 1, asteazkena
21:00etan. Sugaar tabernan. Dj Makala. Makala diska jartzaile eta baxujolearen ‘Jazz. Soul, Funk… eta DJak’ kontzertu-hitzaldiak zabalduko du aurtengo edizioa. Ezizen horren atzean, Mikel Unzurrunzaga zarauztarra dago, 90eko hamarkadaren hasieratik musikaren munduan murgilduta dagoena. Ordutik, Espainiako hiri askotan eta nazioarteko hainba hiriko areto zein klub ezberdinetan jo izan du: New York, Londres, Paris, Berlin, Amsterdam…
Hitzaldi musikatu honetan, besteak beste, bere ibilbide artistikoaren errepasoa eskainiko du.
Uztailak 2, osteguna
22:00. Udaletxeko arkupeetan. Esencia Ternaria. Madrilgo musika eszenan sortutako afro-perutar jazz hirukoren emanaldia izango da. Brian Aching, Mateo Vazquez eta Jose Raul Machadok osatzen dute taldea eta besteak beste, beren eragin eta esperientzia musikalak uztartzen dituzte estilo berezi bati bizia emateko; estilo horrek Peruko kostaldeko soinu-aberastasuna eta inprobisazioa nahiz konposizioa hizkuntza garaikide batean batzen ditu.

Uztailak 3, ostirala
20:30. Plaza nagusian. NHIL. Aretxabaletan sortutako musika-proiektua da. Taldeko sei kideek elkarrekin eraikitzen duten soinu-unibertsoan, pop organikoa da ardatza, baina soul, R&B eta musika garaikideko bestelako eraginak ere modu naturalean txertatzen dituzte. Taldea sortu zenetik etengabeko bilakaeran murgilduta egon da, eta euskal musikaren eszenan proposamen berezi eta bereizgarri gisa kokatu dira.

23:00. Plaza nagusian. Lea Maria Fries. Abeslari, konpositore eta pianista suitzarra Europako jazz garaikideko ahots berezienetako bat bihurtu da azken urteotan. Luzernan jaioa eta gaur egun Parisen bizi den artista honek jazza, soula, pop esperimentala eta spoken word delakoa uztartzen ditu berezko hizkuntza musikal pertsonal batean.

Folk kutsuko balada hauskorretatik groove sendoa duten jazz piezetara edo soinu-esperimentazioetara igarota ere, Lea Maria Friesek gaur egungo jazz eta musika alternatiboaren panoramako artista erakargarrienetako bat dela erakusten du.
Uztailak 4, larunbata
19:00. Plaza nagusian. Zirriborro Jazz Band. Edorta de Pedrok zuzendua, kontzertu honen helburua Goierriko Jazzaldiak urtero egiten duen legez, Goierriko Musika eskolei tarte bat eskaintzea da. Oraingoan, Ordizia, Zumarraga eta Donostiako kideek osatutako taldeari egokituko zaio emanaldia. Swing eta jazz tradizionaleko abestiak eskaintzeaz gain, Nina Simone edo Van Morrison-en abestiak eskainiko ditu.
20:30. Plaza nagusian. Hip Horn Brass Collective. Bartzelonan sortutako brass band indartsua da, New Orleanseko brass banden tradizioa hip hoparen, funkaren eta jazz garaikidearen energiarekin uztartzen duena. Taldeak haize-metalen indarra eta erritmo urbanoak nahasten ditu, zuzenekoetan bereziki nabarmentzen den soinu bizi eta dantzagarria sortuz. Haien proposamenak New Orleanseko kaleetako espiritua gaur egungo hiri-musikaren estetikarekin lotzen du, inprobisazioa, groove-a eta kolektiboaren indarra ardatz hartuta. Taldearen azken proiektuek nazioarteko izaera gero eta handiagoa erakusten dute.

23:00. Plaza nagusian. Daniel Migliosi. 2004an jaio zen Esch-sur-Alzetten (Luxenburgo), eta oso gaztetatik izan zuen harreman estua musikarekin. Zortzi urterekin hasi zen tronpeta jotzen, aitak herriko haize-orkestran jotzen baitzuen, eta ingurune horrek bere lehen musika-eraginak markatu zituen. Bere jardunak teknikaren zehaztasuna eta inprobisazioaren askatasuna uztartzen ditu, eta gaur egun Frantziako “Orchestre National de Jazz”, “JugendJazzOrchester NRW” eta Alemaniako “BundesJazzOrchester (BuJazzO)” bezalako proiektu garrantzitsuetako kidea da, Europako jazz belaunaldi berriko izenik interesgarrienetako bat bihurtuz.














