Bertakoari gorazarre
Bertako produktuak sustatzeko VI. jardunaldia egingo dute larunbatean Itsason. Sendabide naturalei buruz hitzaldia egingo du Ezkioko Eztizen Agirresarobek.
Pott keramikaren postua Itsason. Aimar Maiz Bertako produktuak sustatzeko VI. jardunaldia egingo dute ekainaren 13an, larunbata, Itsason. 2021ean egin zuten lehenengoa, pandemia betean, eta Itsasoko Batzordeak antolatuta. Orain bi urtetik, Alegiko Sindikatoa dendak hartu du jardunaldia antolatzeko ardura, helburu berdinak erdigunean jarrita.
Jardunaldiaren baitan, bertako eta inguruko ekoizleen produktuen eskaintza da erakargarri nagusietako bat. 17:30ean irekiko dute azoka Itsasoko plazan, 19:30era bitartean. Urtero bezala, askotariko eskaintzak hornituko du aurten ere azoka: barazki eta frutak, ogia eta galletak, Argizarizko produktuak, zeramika piezak, bitxiak, arropa eta osagarriak, crochet sorkuntzak, kafeak eta bigarren eskuko arropak. Besteetan bezala, iluntzean (20:30) Itsasoko Ostatun eskainiko duten afarirako txartelak ere azokan bertan eskuratzeko aukera izango da 15 euroan.
Moda azkarrari buruz
Bertako produktuen azoka da jardunaldiaren eskaintza nagusietako bat, baina ez bakarra. Azokaren osagarri hitzaldiak eta bestelako saioak antolatzen dituzte urtero, hortik jardunaldi deitura. Aurten, moda azkarraren inguruko hausnarketa egingo dute Biziola sareak eta Emaus fundazioak antolatutako Gure janzkeraren lorratza saioarekin. Bigarren eskuko arropaz eta Biziolan salmentarako eta bilketarako duten txokoaz arituko dira, besteak beste. 18:30etik 19:30era izango da azokan bertan. .
Azoka amaitu eta afaritarako ordua iritsi bitartean, Ezkioko Goetxe baserrian bizi den Eztizen Agirresarobek Sendabide naturalak, bertatik bertara hitzaldia egingo du. Hitzaldian naturan eskura dauden produktuak norberaren ongizatean eta osasunean duten erabilgarritasunaz arituko da; «gure aurrekoek oso ondo ezagutzen zuten hori, baina transmisioan eten handi bat egon da».
Agirresarobe Mimogoxo proiektuarekin egin zen ezagun; sendabelarrekin kosmetika eta osasunerako produktuak egiten. Iridiologia, reflexologia eta masaje metamorfikoari buruzko ikasketak egin ditu gerora, eta bere ibilbide profesionala zabaltzeko eta Beñat bikotearekin batera bizi proiektu berri bati ekiteko Xaxa natura jarri du abian orain. «Familia proiektu bat osatu nahi dugu naturan eta naturatik, osasuna eta artzaintza uztartuz».
Proiektu berriaren lehen urratsak ematen hasita daude. Mimogoxo «amaituta» iridiologia kontsultak egiten ditu Agirresarobek, «asteartetan, Beasaingo Natxo belardendan; asteazkenetan, Zumarragako Lanbroan eta ostegunetan Itsasoko coworking-ean». Hitzordua 633 118 106 telefonoan eskatu daiteke. Bitartean, Beñat baserritar misto profesionalaren programaren barruan ari da lehen urratsak ematen, «artaldea prestatzen dabil orain. Zerotik hasi gara eta egunen batean baserritik bizi ahal izatea da gure ametsa», amaitu du.













