CAFeko langile ohi baten heriotzagatik 378.452,72 euro eskatu ditu haren familiak
CAFez gain, Azpeitia Hermanos, Montajes Nadur, Iberica de frio, Plasticos ABC Spain, Onena bolsas de papel eta Volkswagen Navarra demandatu ditu, "amiantoarekiko segurtasun arautegia ez betetzeagatik eta lanak eragindako kalte eta ondorengo heriotzagatik".
Asviamieren protesta Donostiako epaitegietan, artxiboko irudian.Hitza CAFeko langile ohi baten heriotzagatik 378.452,72 euro eskatu ditu haren familiak. Gaur goizean Donostiako epaitegietan egin dute eskaera. Mesotelioma pleurala zuela hil zen Honorio B., eta haren familiak hainbat enpresaren aurkako demanda jarri du lanak eragindako kalte eta ondorengo heriotza egotzita.
CAFez gain, Azpeitia Hermanos, Montajes Nadur, Iberica de frio, Plasticos ABC Spain, Onena bolsas de papel eta Volkswagen Navarra demandatu ditu, Asviamie amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak jakitera eman duenez “amiantoarekiko segurtasun arautegia ez betetzeagatik eta lanak eragindako kalte eta ondorengo heriotzagatik”.
Honorio B.-k CAFen lan egin zuen 1974ko urtarriletik 1986ko martxora bitartean, tornulari gisa. 2024an diagnostikatu zioten mesotelioma pleurala. “Langilea amiantoaren eraginpean egon zen CAFen lan egin zuen tartean, tornulari bezala 144 sekzioan”, adierazi du Asviamiek.
Elkarteak jakinarazi duenez, 2025eko otsailaren 13an Nafarroako Osasun Zerbitzuak zabaldutako txostenean adierazi zuen patologiaren balizko jatorria lantokia izan zitekeela: “Txostenean, CAFen eta aipatutako enpresetan egindako lanak deskribatuta, honakoa ondorioztatzen dute: Litekeena da mesoteliomak amiantoarekin izandako esposizioarekin erlazioa izatea. Mesotelioma amiantoarekiko esposizioaren markatzailerik onena da, biztanleria orokorrean ezohikoa den neoplasia bat delako, eta arrisku faktore nagusia esposizio hori delako“, amaitu du amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak.
Gaur epaitegietan elkarretaratzea egin du Asviamiek, familiak jarritako demandari babesa eskaintzeko.













