Familientzako ‘Baserria dantzan’, ikasturtea amaitzeko
Larunbatean izango da Oihane Vicente dantza mugimendu terapeutak gidatuta. Izen ematea dagoeneko irekita dago.
Baserria dantzan jardueraren saio berri bat izango da larunbatean Ezkioko Igartubeiti baserri museoan, ikasturteari amaiera emateko. Aurreko aldietan bezala, Oihane Vicente dantza mugimendu terapeutak gidatuko du saioa. Familia guztiari zuzendutako saioa da Igartubeititik aurreratu dutenez.
«Dantza, natura eta emozioak» erdigunean jarriko dituzte dinamika honetan. Baserrian zehar burutuko da eta 16:30ean emango zaio hasiera, Igartubeitiko baserriaren atarian. Parte hartzeko izen ematea dagoeneko irekita dago. Izen emateak 3 euroko prezioa du; 943 72 29 78 telefonora deitu edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.













