Legazpitik Ordizira arteko martxa ibiltaria egingo dute erresidentzietako langileek
Gatazka desblokeatzeko presioa eragiteko asmoz Gipuzkoako hiru eskualdetan mobilizatuko dira. Legazpitik Zumarragara eta Beasaindik Ordiziara arteko martxa ibiltariak egingo dituzte asteazkenean.
Ordizian egin duten elkarretaratzea.Loinaz Agirre. Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako gatazkak aurrerapauso handirik gabe jarraitzen du. Joan den ekainaren 5ean izan zuten azken negoziazio mahaia, baina patronalarekin akordiorik sinatu gabe jarraitzen dute langileek.
ELA sindikatuak azaldu du patronalek aurreneko aldiz lanaldi partzialaren arazoari aurre egiteko proposamenak aurkeztu dituzten arren, ez direla prekarietatearekin eta genero-arrakalarekin amaitzeko neurri nahikoak. Patronalek proposatutako neurriak lanaldi partzialetarako gutxieneko %65eko jardunaldia ezartzea aurreikusten du, baina euskal sindikatuarentzat lanaldi osoak bermatzeko helburutik “urrun” dago oraindik.
Hori dela eta, gatazka desblokeatzeko presioa eragiten jarraitzeko asmoz mobilizatzen jarraituko dutela azaldu du Ana Merchan San Jose egoitzako ELAko delegatuak. Gipuzkoako hiru eskualdetan martxa ibiltariak egingo dituzte ekainaren 10ean, 11n eta 12an, eta Goierrin ere egingo dute parada. Gogoratu du eskualdeko bi erresidentzietako langileak greba mugagabean daudela: “Zumarragako Argixaoko langileek iazko azaroan ekin zioten greba mugagabeari, eta guk, Ordiziako San Joseko langileok, berriz, urtarrilean”.
Asteazkenean egingo dute Goierriko martxa. Legazpiko Santikutz egoitzan hasiko dira, goizeko 9:30ean, eta Zumarragako Argixao egoitzara joango dira oinez. Bertan autobusa hartu eta 11:30ean Beasaindik Ordizirainoko ibilbideari ekingo diote, Beasaingo udaletxetik hasi eta Ordiziako udaletxean parada eginda, San Jose egoitzan amaituko dute.
Hiru greba egunen aurreneko eguna izango da, eta hurrengo bi egunetan, Zumaian eta Errenterian mobilizatuko direla aurreratu du Merchanek. Zumaiatik, Zarautzeraino joango dira, eta Errenteriatik Donostiara.














