Literatur proiektu kolektibo bat jarriko du martxan Arrano Kulturak
Beasain ardatz eta kokaleku izango duen ipuin-bilduma bat osatzea izango da proiektuaren helburua. Asteazkenean egingo dute lehen saioa, Arrano Elkartean.
Arrano Kultura elkarte berrituaren aurkezpena, 2023an.Aimar Maiz Literatur lan kolektibo bat jarriko du martxan Arrano Kulturak, eta bertan parte hartzeko deialdia zabaldu die Beasainekin lotura eta idazteko joera dutenei. Literatura zale guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Ekimenari forma ematen hasteko lehen saioa asteazkenean izango da, ekainaren 10ean, 18:30ean Arrano Elkartean.
Beasain ardatz eta kokaleku izango duen ipuin-bilduma bat osatzea izango da proiektuaren helburua. Luzera ertaineko lanak izango direla jakinarazi du elkarteak: “Literatura zalea bazara eta idaztera ohituta bazaude, eta narrazioa, bereziki ipuinak, idaztea gustuko baduzu, hau interesatuko zaizu. Luzera ertaineko, 20.000 eta 40.000 karaktere arteko, lan bat idazteak kikiltzen ez bazaitu, hau da zure hurrengo proiektua”, dei egin dute.
Arrano Kulturak azaldu duenez, Beasaingo literatura zale talde bat da ekimenaren bultzatzailea, “adin eta joera anitzekoak, hasi 20tik eta 80 urtera artekoak, bakoitza bere ama eta bere aitarena”. Beasainekin lotura izatea –bertan bizitzeagatik edo beasaindarra izateagatik– da eskakizuna, idaztea gustuko izateaz gain. “Literaturaren suak biltzen gaitu. Eta zuretzat ere egon daiteke leku bat su horren bueltan, animatzen bazara”.
2027ko martxorako
Ipuin-bilduma 2027ko martxo alderako amaitzea aurreikusi dute. Aniztasuna bilatzen dute, egileen profilei, gaiei, literatur generoei, agertuko diren espazioei zein ikuspuntuei dagokienean. “Astindu dezala Beasaingo hauspoa norberak bere estiloan”, aldarrikatu dute.
Beasain da bilduma horri batasuna emango diona, talde izaera emango diona. Beasaindar izaera adierazteko edo beasaindar nortasuna bizitzeko eta ulertzeko askotariko moduak daudela ulertzen du talde eragileak: “Bakoitzak bere Beasain hori irudikatuko du, eta, aldi berean, (behingoagatik), herria bera izango da testuinguru, protagonista edota eremu-gai-irakaspen emaile”.
Proiektuan parte hartu nahi duen oro gonbidatu dute ekainaren 10eko saiora. “Suari hauspoa eman behar zaio eta hauspoa astindu beharra dago. Beasain da hauspo hori. Gutako bakoitzak eta taldeak ederki astindu dezakeguna”.













