Gizarte Zentroaren etorkizunaz hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak Legazpiko Udalak
Bilera bat egingo dute ostegunean 19:00etan Gizarte Zentroan bertan. Zainketa Ekosistemari buruzko programa baten barruan kokatzen da prozesua.
Legazpiko Udalak herriko zainketa ekosistemaren inguruko “hausnarketa estrategikoa” jarri du martxan Gizarte Zerbitzuen bitartez, eta Gizarte Zentroa jarri nahi du udalerriko zainketa-jardueren erdigunean. Horretarako, legazpiarren laguntza eskatu du, eta gaiaren inguruan ostegunean 19:00etan Gizarte Zentroan bertan egingo duten bilerara deitu ditu.
Gizarte Zentroa Legazpiko zainketa jardueren erdigune bihurtzeko, “legazpiarren ahotsa, ideiak eta parte hartze aktiboa” izan nahi ditu lagun udalak. Bere helburua ez da “jada funtzionatzen duena ordezkatzea, haren ikuspegia zabaltzea baizik”. Alde horretatik, zentroaren egungo funtzio guztiak mantendu eta indartuko direla ohartarazi du, hau da, “adinekoentzako erreferentziako topagunea izaten jarraituko du, jarduera soziokulturalen eskaintzari eutsiko zaio, eta gure adinekoen osasun fisiko eta mentala lantzeko gune egokia bermatuko da”.
Hala ere, funtzio horietatik guztietatik harago joatea da orain planteatzen duen erronka, eta udalerrian dauden beste zainketa behar batzuei bide emateko, gune hori Legazpiko garai eta errealitate berrietara egokitu behar dela dio. Eta horretarako legazpiarren beharra duela adierazi du: “Behar horiek elkarrekin identifikatu nahi ditugu, Gizarte Zentro inklusiboago, komunitarioago eta dinamikoago baten izaera eta antolaketa elkarrekin diseinatzeko”.
Udalerria zaintzea “guztion zeregina” dela nabarmendu dute, eta edozein belaunalditakoa izanda, herritar guztien ikuspuntua “funtsezkoa” dela “Legazpin zainketa-sare sendoago bat ehuntzeko”.













