Oilar Jokorako prest daude Legazpin
Ostegun arratsaldean izango da, 19:00etan hasita, plazan. Partaideak 12 urtetik gorakoak izan beharko dira. Saria 20 eurokoa izango da.
Iritsi da Legazpin Oilar Jokoa egiteko eguna. Korpus Zortzigarrena da etzi, eta ohitura beteko dute legazpiarrek aurten ere. XVIII. eta XIX. mendeetan oso hedatuta zegoen Korpus Zortzigarreneko oilar jokoa, baina ia desagertu da herriko plazetatik. Legazpi da ohitura mantendu duten herri bakarretakoa.

Mattin Makibar, iazko irabazlea.
Euskal Herria plazan izango da hitzordua, 19:00etan. Partaideek 12 urtetik gora izan behar dute, hori da baldintza bakarra, eta interesa duten neskek eta mutikoek udaletxeko arkupeetan eman beharko dute izena jokoa hasi baino lehen.
Oilarra da jokoaren protagonista nagusia. Lurrean sokarekin markatutako bide bihurriaren amaieran egongo da, plazako lurrean dagoen oilarraren irudi gainean. Partaideak udaletxeko arkupeetatik ateratako dira begiak estalita, eta oilarrenganaino iritsi beharko dute, bide horretatik atera gabe eta bazterrak ukitu gabe. Ondoan Goiz Deia txistulari taldeko kideak joango dira Tranka-tranka doinua etengabe jotzen. Doinu horiek eta publikoaren jarraibideek lagunduta iritsi beharko dute oilarrarengana, eta gainean eramango duten ezpatarekin borobil bat marraztu beharko dute airean, oilarraren gainean. Bost minutuko epea izango dute horretarako gehienez,.
Ezpatarekin oilar gainean borobila egitea lortzen duenak irabaziko du jokoa, eta saritzat 20 euro eramango ditu, eta ez oilarra bera, garai batean bezala. Iaz Mattin Makibar izan zen irabazlea.













