Berdea eta gorria, feriako kolore nagusiak
Leka, kuiatxoa, tomatea, gerezia, arana... geroz eta udako produktu gehiago dago, eta Plaza Nagusiko postuak kolorez betetzen hasi dira. Loreek ere badute horretan ardura.
Berdea eta gorria dira azken asteetan Ordiziako feriako kolore nagusiak. Berdea, iristen hasi diren udako barazkiek jartzen dute, denboraldia hasi duen lekak adibidez, eta gorria, basoko frutek, gereziak, tomateak eta gaur aurkeztu duten aranak, besteak beste. Berritasun gehiago ere izan dira ekain erdiko feria honetan, batez ere lore eta landareen ataletan.
Baina berritasun nagusia leka izan da. Gaur goizean postuan laguntzailez inguratuta lan egin duen Aramako Patxi Arizmendik eta Azkoitiko Jesus Mari Uzinek aurkeztu dute, biek negutegian hazitakoa. Barazki preziatu honen kiloaren prezioa 8 eta 10 euro artean jarri dute. Baina lekak lehia gogorra izan du aran gorriarekin, protagonismoari dagokionez behintzat. Hori ere Arizmendiren postuan izan da salgai, kiloa 3,5 euroan. Bestetik, fruta gorrien atalera berri bat gehitu da, Aramako Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek aurkeztutako arakatza edo indiar mahatsa, kiloa, 18 euroan.
Loreei dagokienez, sorta edarrak eta koloretsuak osatzeko eskaintza zabala dago azken asteazkenetan Plaza Nagusian. Aurretik salgai zeuden hortentsiei eta margaritei gaur Miren Jauregik eta Jaione Irazustak salgai jarritako gladioloak gehitu zitzaizkien batetik, eta Zurutuza ahizpen lirio laranjak eta kala moreak bestetik. Konbinazioak eginda, edo lore bakarrarekin sortak osatuta, bakoitza 5 euroan dago salgai.
Landareak, udatik harago
Udako barazki landareen kanpaina oraindik amaitzear badago ere, udatik harago begira jarri dira dagoeneko saltzaileak. Hala, azalorea, brokolia, bruselaza, kale aza eta aza arrunta erosteko aukera dago, landare bakoitza 0,20 euroan. Eta landare kontuetan bitxikeria bat aipatu behar da, indaba edo babarruna ere erosi daitekeelako aurten, feria honetan orain arte ez bezala; landare bakoitza 0,50 euroan dago.
Perretxikoen eskaintza urritzen hasi da, eta gaur bi saltzaile bakarrik izan dira, Garbiñe Barandiaranek ez duelako postua jarri, genero eskasiagatik. Arabar honen falta nabaritu da ziza eskaintzan, 75 kilo besterik ez dituztelako jarri salgai Lasa eta Barcinaren artean, kiloa 30-55 euro artean. Bestela, 30 kilo onddo (22-40 euro) eta 30 kilo ziza hori (28-35 euro) ere izan dira salgai.
















