Euskaltzaleon Martxa mobilizazioa egingo dute Iruñean larunbatean
‘Euskaraz bizitzeko behar den dena’ lelopean hartuko dituzte kaleak. Mobilizazioa 17:00etan hasiko da hiru puntu ezberdinetatik. Goierriko autobusa Lazkaon, Beasainen eta Ordizian geldituko da.
Maizpideko kideak Iruñeko mobilizaziorako deia egiten, Lazkaoko euskaltegiaren atarian. Hitza Euskaltzaleek hitzordua daukate larunbatean Iruñean. Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean Euskaltzaleon Martxa mobilizaziora joateko deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Jai giroko egun osoko egitaraua antolatu dute Euskaltzaleon Martxa ekimenaren harira, hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenerako.
Euskararen aldeko elkarte asko atxiki dira mobilizazio handi horretara, eta Lazkaoko Maizpide euskaltegia horien artean dago. Laida Begiristain zuzendariak Kontseiluko «bazkide» direla esan du: «Horrelako ekimenetan beti parte hartzen dugu».
Mobilizazioa 17:00etan hasiko da, hiru zutabetan banatuta. Zutabe bakoitzak izaera, irudi eta protagonista propioak izango ditu. Hiru aldarri, hiru pankarta, hiru pregoilari. Begiristainen esanetan, «zutabe bakoitzean euskarak pizkunderako behar duen oinarrietako bat aldarrikatuko dugu».
Lehenengo zutabeak (Runa parketik abiatuta) euskararen «ofizialtasun osoa» aldarrikatuko du. Bigarrengoak (Antoniuttitik), «hizkuntza politiketan jauzi bat» eragiteko asmoa. Eta, hirugarrengo zutabearen (Askatasunaren plazatik) aldarria, «euskaltzaletasunaren ekarpena» izango da. Zutabeek Alde Zaharrerako ibilbidea egin ondoren, Gazteluko plazan elkartuko dira 18:00 aldera eta bukaerako ekitaldia bertan izango da.
Autobusak Goierritik
Iruñeko mobilizaziora joateko autobusa antolatu dute Goierritik. Ordizia, Lazkao eta Beasainen hartu daiteke autobusa: Ordiziako tren geltokian 15:00etan, Lazkao Txiki Zelaian 15:10ean, eta azkenik, Beasaingo sarrerako biribilgunean 15:20ean.
Begiristainek adierazi du abenduko Bilboko Kontseiluaren ekitaldira «herri horietako bakoitzetik autobus bat bete» zela. Oraingoan horrela ez izatearen arrazoia gehitu du: «Egun osoko egitaraua dagoenez, jendeak goizetik joateko asmoa du, eguna pasatzera».
300.000 hiztun 2036an
Kontseiluak Pizkunderako Erronka 2036 aurkeztu zuen maiatzaren 28an. Horren inguruan Lazkaoko Maizpide euskaltegiko zuzendaria mintzatu da: «Helburua oso anbiziotsua da. Azken hamarkadan lortu denaren bikoitza lortzea delako». Gehitu duenez, «helburuak jartzeak norabide bat markatzen du».
Euskara ezagutzeko «doakotasuna» aldarrikatu du Begiristainek. «Jaurlaritzak aurrerapausoak eman ditu baina ez dela nahikoa uste dugu». Maizpiden barnetegira joaten direnen adibidea jarri du: «Guk ikusten dugu barnetegira etortzeak emaitza azkarragoa ekartzen duela». Baina, horrek «diru eta denbora inbertsio handia» eskatzen duela gehitu du.













