Ikasturte amaierako festa egingo du ostegunean LegazTipi-Tapak
Gizarte Zentroan izango da biharko hitzordua, 10:30ean. Mugimendua, musika eta elkarbizitza uztartuko dituen topaketa izango da, eta jatekorik ez da faltako. Hurrengo bi ostegunetan ere egingo dira paseoak.
Herritar ugarik parte hartzen dute ostegunetako LegazTipi-Tapa paseoetan. Legazpiko Ttipi-Ttapa egitasmoak denboraldi amaierako festa berezia ospatuko du bihar osteguna, mugimendua, musika eta elkarbizitza uztartuz. Hitzordua 10:30ean izango da, Gizarte Zentroan, eta asteroko paseoen amaiera guztietan bezala, jatekorik ez da faltako.
Udalak antolatuta herriko hainbat elkarte eta eragileren eta ikastetxeen laguntzarekin ostegunero egiten diren paseo hauek errotuta daude dagoeneko legazpiarrengan, urteetako ibilbidearen ondoren. LegazTipi-Tapa astero ariketa fisikoa egiteko aitzakiaz gain, sozializatzeko eta elkar zaintzeko topagune bihurtu da herritar askorentzat. Irailetik ekainera egiten da, plazatik 10:30ean aterata.
Eta aurtengo ikasturtea amaitzear dagoenez, antolatzaileek eta laguntzaileek festa kutsuko jardunaldia prestatu dute biharko. Musikaz lagundutako mugimendu saio bat prestatu dute hasteko, eta amaieran, ohiko tortilla pintxoa banatuko da eta, lehen aldiz, baita frutazko brotxeta freskagarriak ere. Festa borobiltzeko, musika gehiago izango da arratsaldeant.
Biharko festaren ondoren, oraindik beste bi saio geratzen dira ikasturte honetako LegazTipi-Tapa amaitzeko, ekainaren 18koa eta 25ekoa. Ondoren, udako geldialdia egingo da, eta irailean itzuliko da programa.













