Buskabaso elkarteak auzoa ezagutzera gonbidatu ditu ZIG eta Gela Egonkorreko ikasleak
Olamendiko ikasle gazteek 1950 hamarkadako langileen etxebizitza, kapera eta eskola ezagutzeko aukera izan zuten atzo goizean, baita hainbat jolas eta jarduerak egiteko ere.
Buskabaso auzo elkarteak gonbidatuta eta Lenbur Fundazioaren lankidetzarekin, Olamendiko Zereginen Ikasketa Gelako eta Gela Egonkorreko ikasleek goiz berezia igaro zuten atzo, herriko gune turistiko batzuk bisitatuz eta hainbat jolas eta jarduera eginez. Buskabasoko lehendakari Haritz Artzelus eta Lenbur Fundazioko gidari Iraitz Gastañares izan zituzten anfitrioi.
Ikasle gazteek 1959eko eskolako kapera eta gela, eta langileen etxebizitza bisitatu zituzten lehenik, eta gero, San Ignazioko eskola zaharretan kokatuta dagoen Buskabaso elkartearen inguruan hainbat jolas eta jarduera egin zituzten, taldeko lanean oinarrituta, besteak beste, loreak landatzea, mural bat margotzea, petankan jokatzea eta dantza egitea. Hamaiketakoa ere egin zuten.
Buskabaso elkarteak Lenbur Fundazioarekin batera landu duen lehen proiektua izan da hau, eta emaitza “oso ona” izan duela ikusita, lankidetzarekin jarraitzeko asmoa duela iragarri du Haritz Artzelusek.














