Euskara ikasteko dirulaguntzak bideratuko ditu Ordiziako Udalak
Euskaltegietako matrikula-kostuaren zati bat edo osorik itzultzea da udalak martxan jarri duen ekimenaren helburua. 26.000 euroko aurrekontua bideratuko du.
Ordiziako udaletxea.Loinaz Agirre. Euskara ikasteko bidea erraztu eta hizkuntzaren ezagutza zein erabilera indartzeko asmoz, euskara ikasteko dirulaguntzak bideratuko ditu Ordiziako Udalak. Helburua da euskaltegietako matrikula-kostuaren zati bat edo osorik itzultzea, ikasleen egoeraren eta ikastaroaren aprobetxamenduaren arabera. Guztira, 26.000 euroko aurrekontua bideratuko du.
Deialdia abiatu berri du udalak eta eskaerak ikastaroa amaitu ondoren aurkeztu beharko dituzte, aurreikusitako epeen barruan. Salbuespen bakarra ikastaro arrunten kasua izango da. Uztailaren 17ra arteko epea izango da eskaerak aurkezteko.
Eskaera egiteko baldintzak
16 urtetik gorako Ordizian erroldatutako herritarrek, udalerrian egoitza dutenek, udalarekin euskara sustatzeko hitzarmena sinatuta duten enpresetan lan egiten duten pertsonek eta Ordiziako kirol-taldeetako entrenatzaile eta begiraleek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak.
HABEk homologatutako euskaltegietan egindako ikastaroak, 2025ko irailetik 2026ko irailera bitartean burututako ikastaro arruntak, barnetegiak, autoikaskuntza-programak eta udako ikastaroak izango dira diruz lagundu ahal izango direnak. Zenbait kasutan homologatu gabeko ikastaroak ere lagundu ahal izango dira, baldintza jakin batzuk beteta.
Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionez, matrikularen kostuaren araberakoa izango dela aurreratu du udalak: «Ordizian erroldatutako ikasleek matrikularen %100era arteko laguntza jaso ahal izango dute baldintzak betetzen badituzte; erroldatu gabe baina hitzarmena duten erakundeetako kideek, berriz, %85era artekoa. Oro har, gehienezko dirulaguntza 530 eurokoa izango da urtean, eta 650 eurokoa barnetegien kasuan». Laguntza jaso ahal izateko beharrezkoa izango da ikastaroan gutxienez %80ko asistentzia egiaztatzea eta dagokion administrazioarekiko betebeharrak egunean izatea.
Izapide guztiak aurrez aurre edota modu telematikoan egin ahal izango dira, Herritarren Arretarako Bulegora joanda edota Ordiziako Udalaren webgunearen bidez.













