Fundiciones del Estanda enpresako langileek 4 urterako hitzarmena lortu dute
Aste honetan deitu du komitea enpresak, eta "negoziazio luze baten ondoren" aurreakordioa erdietsi dute.
Fundiciones Estandako langileak lantegi aurrean maiatzaren 27an.LAB Fundiciones del Estanda enpresako langileek hitzarmen berria lortu dute. Hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean, 4 urterako hitzarmena lortu dute gaur eguerdian langileen batzarrak berretsi duen aurreakordioan.
Maiatzaren 12an hasi zituzten lanuzteak –lehen greba eguna maiatzaren 27an egin zuten– Estandako langileek, ordu hartan LAB sindikatuak esan zuenez “atzerapausoa” planteatzen zuelako enpresak langileen baldintzekiko. 80 baiezko, 29 ezezko eta bi boto zurirekin onartu zuten mobilizazioen egutegia.
Errelebo kontratuak sartzea, eros ahalmena bermatzea, urteko lanaldi orduen murrizketa, eskala bikoitza deuseztatzea edota ordu poltsaren murrizketa eskatzen zituzten hitzarmen berrirako.
LABen esanetan, Beasaingo Fundiciones del Estanda enpresaren “negoziaziorako borondatea oso eskasa” izan da hasieratik, “eta langile borroka ezinbestekotzat” jo du egoera iraultzeko. “Hasieratik atzerapausoak proposatzen zituen enpresak langileen lan baldintzetan, eta ez zuen KPIa bermatu nahi, ez eta errelebo kontraturik egin ere”.
Langileak mobilizazio fasean murgilduta zeudenean enpresak “esertzeko asmorik ez zuen erakutsi” sindikatuaren hitzetan. “Baina greba mugagabearen atarian erakutsitako indarrari esker, negoziazioa mahaira ekartzea lortu dute”, azaldu du.
Aste honetan deitu du komitea (LABeko bost ordezkari, ELAko bi eta CCCOOko beste bi) enpresak, eta “negoziazio luze baten ondoren” aurreakordioa erdietsi dute. 4 urterako hitzarmenarekin, “Estandako langileek bermatua izango dituzte KPIa eta errelebo kontratua”.













