Hijos de Martin y Loinaz taldea 37. Gazteen Antzerki Topaketara doa
Beasaingo antzerki taldearen ‘Su Beltza’ antzezlana hautatua izan da topaketarako. Bihar Donostiako Kontadoresen aurkeztuko dute, 18:00etan.
Donostian ‘Su Beltza’ antzeztuko duten kideak eta Anita Alonso zuzendaria, entsegu lokalean.Laida Goiburu Beasaingo Hijos de Martin y Loinaz antzerki taldeak 37. Gazteen Antzerki Topaketan parte hartuko du. Anita Alonso (Beasain, 1977) zuzendariak idatzi eta zuzendutako Su Beltza antzezlana aurkeztuko dute bihar, ekainak 13 (18:00), Donostiako Kontadores antzokian.
Maiatzaren 20an hasi zen Donostiako 37. Gazteen Antzerki Topaketa, eta ekainaren 18an amaituko da. Aurtengo edizioan Garazi Urkola, Maialen Sorzabalbere eta Aiora Enparantza aktoreak arduratuko dira taularatuko diren lanak baloratzeaz. Kontadores ez ezik, Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena, Imanol Larzabal eta Intxaurrondo K.E. izan dira plazak topaketan. 14 eta 30 urte bitarteko gazteek prestatutako hemeretzi lan hautatu dituzte aurtengoan, eta tartean da Beasaingo taldearena. Erakustaldi zikloaz gain, lehiaketa modura planteatzen da topaketa, amaitzean sariak banatzen baitituzte.
Junior kategoria
Duela lauzpabost urte idatzi zuen Su Beltza antzezlana Anita Alonsok, eta duela 4 urte Usurbe Antzokian aurkeztu zuten. Azaldu duenez, asko gustatu zitzaien bertaratutakoei. Erantzuna ona izan zen. Lau urte geroago, lanaren berri izan duen norbaitek taldeari proposamena egin dio topaketan parte hartzeko: «Eta horrela, bidali egin dugu, tokatu egin zaigu eta bihar aurkeztuko dugu».
Junior kategorian parte hartuko dute, 18 urtetik beherakoan. Antzezlana topaketarako hautatu zutela ikusita, Alonsok eskaintzen dituen tailerretako hainbat taldetako kideak nahastuta ekin zieten entseguei. Laiene Mariezkurrena, Euri Insausti, Sua Mujika, Aiala Acosta, Noa Barandiaran, Intza Mella, Alex Onandia, Noa Iturrioz, Iuri Roman, Irati Muñoz, Lide Lozano, Euri Etxeberria, Izaro Bustinduy, Unax Remirez eta Iraia Alvarezek antzeztuko dute Kontadoresen. Axier Perez Axipe teknikariaren laguntzarekin.
Zuzendariak aitortu du ikasturte amaieran egoteak entseguak eta indarrak batzeko aukera zaildu ditzakeela: «Berez lan gogorra da, baina konprometitu ziren eta hementxe gabiltza». Aste Santuetan jakin zuten hautatuak izan zirela, eta harrezkero entseguetan murgilduta ibili dira. Beste antzoki bat nahiagoko lukete aukeran, «pixka bat txikia» geratzen delako antzezlanerako. «Baina moldatu dugu eta ilusio guztiarekin gaude».
«Berez lan gogorra da, baina konprometitu ziren eta hementxe gabiltza»
Anita Alonso. Zuzendaria
18 urtetik behera, baina adin askotako haurrak daude. Ederki moldatzen dira: «Familia bat gara, zortea edukitzen dut antzerki taldeekin», azaldu du Alonsok. «Txikitatik ezagutzen dira gehienak, eta txikienek Usurben antzezten dutenean handiak etortzen dira laguntzera». Antzezlan egunetan bazkariak edo afariak egin ohi dituzte taldean. Biharko, minibus bat alokatu dute Donostiara elkarrekin joateko, eta han bazkalduko dute emanaldiaren aurretik.
Sorginak inkisizioan
«Inkisizioko Euskal Herrian, etsaiak zirenak ere sorginen mendeku izan al zitezkeen?». Hori da antzezlanak iradokitzen duena. Ez du zehaztapen gehiagorik eman nahi izan zuzendariak, ikusleei spoilerrik ez egiteko: «Inkisizio garaian sorginak, apaizak, beatak… izango dira pertsonaiak, eta hor badago istoriotxo bat», azaldu du. «Idatzi nuenean burura etorri zitzaidan ideia, eta pentsatu nuen horrelako zerbait egin beharra neukala».
Sarrerak 3 euroan egongo dira salgai bihar, Kontadores antzokiko leihatilan bertan emanaldiaren aurretik.













