Jarduera zikloa antolatu dute Urbian, Gandiaga zenaren omenez
Aditu ezberdinek gidatutako ibilaldiak izango dira, paisaia kultural eta naturalaren ezagutza eta Gandiagak bertan utzitako arrastoa ezagutzera emateko helburuz.
Bitoriano Gandiaga Arantzazun. gandiaga.com Bitoriano Gandiaga (Mendata, Bizkaia 1928-Arantzazu, 2001) fraide eta idazlearen heriotzaren 25. urteurrena dela eta, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak eta Arkeolan Fundazioak jarduera ziklo bat antolatu dute Urbian, bere omenez.
Gandiaga Mendatako Orbelaun baserrian jaio bazen ere; 13 urte zituela, 1940an Arantzazura (Oñati, Gipuzkoa) joan zen fraide eta apaiz ikasketak egitera. Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan. 1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko otsailaren 21ean hil zen Arantzazun.
Gaztetatik hasi zen olerkiak idazten –1950ean argitaratu zuen aurrena, Erriberriko Filosofiako ikasleen Gure Izarra barne-aldizkarian–; ondorengo urteetan olerkiak idazteari eutsi zion, eta 1951tik aurrera aldizkaritan hasi zen argitaratzen, euskal poeta gisa nabarmentzen hasiz. Hainbat sari irabazi eta errekonozimendu jaso zituen, batez ere, poesian egindako lanagatik.
Ibilbideak
Fraidea eta poeta omentzeko, hainbat ibilbide antolatu dituzte Arantzazutik Urbiara, ekainean eta uztailean, “paisaia kultural eta natural horretan” murgiltzeko. Ibilbide hauetan aditu baten parte hartzea izango da, “Aizkorri mendiguneko gune enblematikoenetako baten aberastasun arkeologiko, historiko eta etnografikoa aurkitzen laguntzeko”.
Ibilbide hauetan, “mendeetan zehar lurraldea modelatu duten giza aztarnetara” hurbildu ahal izango dira parte hartzaileak. Eta ibilbide bakoitza, “Bitoriano Gandiaga frantziskotar eta poetaren oihartzuna entzuteko gonbita ere izango da. Haren begirada naturari eta euskal memoriari sakonki lotuta dago, eta Urbian barrena gordeta jarraitzen du”, adierazi dute antolatzaileek.
- Ekainak 27 eta 28: Ohar toponimikoak. Jose Luis Ugarteren eskutik.
- Uztailak 12: Trikuharriak eta tumuluak. Jose Antonio Mujikaren eskutik.
- Uztailak 18 eta 19: Bitoriano Gandiaga gogoratuz aztarna arkeologikoen bitartez. Mertxe Urteagaren eskutik.
Izen ematea irekita
Ibilbide guztiak Urbiako ermitatik abiatuko dira 10:00etan eta bizpahiru orduko iraupena izango dute; ondoren puntu berean amaitzeko. Guztiak euskaraz izango dira.
Saio bakoitzak 10 euroko kostua izango du eta izen ematea irekita dago jada. Izena aurrez aurre eman daiteke Segurako udaletxean edo 638 512 027 telefonoan. Udaletxean esku dirutan ordaindu daiteke, bestela, transferentzia bat egin daiteke ES32 2095 4408 5710 6126 0146 kontu zenbakian, izena eta saioa adierazita.













