Gazteen eta tokiko merkataritzaren arteko lankidetza digitala "arrakastaz" amaitu da
Proiektuari esker, herriko hiru ikastetxetako –Beasaingo Institutu Publikoa, La Salle eta Andramendi Ikastola– ikasleek digitalizazio planak eta webgune profesionalak garatu dituzte Beasaingo hamaika saltokirentzat.
Diploma banaketa ekitaldiko irudia, udaletxeko batzar aretoan.Beasaingo Udala Gazteen eta tokiko merkataritzaren arteko lankidetza digitala amaitu da. Beasaingo Udalak gaur eman dio amaiera Gandik –gazteen eskutik, tokiko merkataritzaren digitalizazioa eta online presentzia bultzatzen duen proiektua– proiektuaren lehen fase pilotuari, udalaren hitzetan, “arrakastaz”. Udaletxeko batzar aretoan diploma banaketa egin dute.
Ekitaldian parte hartu dute Leire Artola Beasaingo alkateak, Izaskun Gomez Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendariak, Javier Waliño Puntueus Fundazioko zuzendari nagusiak eta proiektuan inplikatutako ikasle, irakasle eta merkatariek.
Puentuesuek egindako azterketa bat izan zen abiapuntua. Azterketa horren arabera, Beasaingo saltokien bi herenek ez zuten Interneten presentzia errealik, eta %27k bakarrik zuen webgune aktiboa. Horri erantzuteko, udalak “norabide estrategiko baten alde” egin zuen: digitalizazio tresnak herriko gazteen talentuarekin eta konpromisoarekin lotzea.
Modu horretan, proiektuari esker, herriko hiru ikastetxetako –Beasaingo Institutu Publikoa, La Salle eta Andramendi Ikastola– ikasleek digitalizazio planak eta webgune profesionalak garatu dituzte Beasaingo hamaika saltokirentzat. Udalak bere helburu estrategikoekin bat egiten duela azaldu du: “Tokiko ekonomia biziberritzea, gazteak herriko errealitatera hurbiltzea eta euskararen presentzia ingurune digitalean bermatzea”.
Leire Artola alkateak lankidetzaren balio bikoitza nabarmendu du diploma banaketa ekitaldian: “Batetik, gure saltokiek lehiakortasuna irabazi dute ingurune digitalean; bestetik, gure gazteak gertuko ekonomiaren errealitatera hurbildu dira, etorkizunaren eraikuntzan parte aktibo bihurtuz. Belaunaldien arteko zubi eta lankidetza benetakoa sortu dugu, Beasain solidarioago eta prestatuago baten mesedetan”.
“Batetik, gure saltokiek lehiakortasuna irabazi dute ingurune digitalean; bestetik, gure gazteak gertuko ekonomiaren errealitatera hurbildu dira, etorkizunaren eraikuntzan parte aktibo bihurtuz”
Leire Artola. Beasaingo alkatea
Puntueusen laguntza teknikoa
DBH eta Batxilergoko ikasleen eta merkatarien arteko harremana zuzena izan da. Ikasleek, irakasleen gidaritzapean eta Puntueusen laguntza teknikoarekin –besteak beste, urtebetez .eus domeinua doan edo aholkularitza teknikoa–, saltokiak bisitatu dituzte, haien beharrak ezagutu dituzte eta jasotako informazioaren neurrira egindako webgunean diseinatu dituzte. Merkatariak ere trebatu dituzte guneak modu autonomoan kudeatu ditzaten.
Beasaingo Institutu Publikoko ikasleek Productos Transilvania, Detalles Magicos eta Taj Mahal jatetxea saltokietako digitalizazioa bideratu dute; La Salle Beasain ikastetxekoek, Kixkur ile apaindegiarekin, Arnedoko Txokoarekin, Karolurrekin eta Neli jantzi dendarekin egin dute lan; eta Andramendi Beasaingo Ikastolakoek Otxoa eta Alaiza ile apaindegiarekin, Farmabi parafarmaziarekin, Labores Otearekin eta La Krengutarekin.
Beasaingo Udalak merkatariek gazteengan jarritako konfiantza eta ikasleek erakutsitako profesionaltasuna eskertu ditu. Beasain eta Portugalete izan dira Gandik proiektuaren lehen fase pilotuan erreferenteak, eta datozen ikasturteetan Euskal Herriko beste udalerri batzuetara zabalduko da.













