Hasi dira Goierri Eskola sarrerako biribilgunea eraikitzeko lanak
Bide segurtasuna zein trafikoaren arintasuna hobetzea eta oinezkoen segurtasuna indartzea ekarriko ditu. Abuzturako bukatuta egotea aurreikusten da.
Goierri Eskola sarreran dagoen bidegurutzea sinplifikatu eta ordenatuko duen biribilgune berria eraikitzeko lanak egiten hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. 10 asteko eraikuntza jarduera horrek bide segurtasuna zein trafikoaren arintasuna hobetzea eta oinezkoen segurtasuna indartzea ekarriko ditu eta abuzturako bukatzea aurreikusten da. Lanek 245,799,46 euroko aurrekontua dute.
Goizero-goizero zirkulazio-intentsitate handia duen puntua da, Goierri Eskolak, Suhiltzaile etxeak eta Oiangurako sarbideak bat egiten dutena, eta biribilgune berri horrekin, argiagoa, ordenatuagoa eta seguruagoa egingo du oraingo bidegurutzea; 30 metroko diametroa izango du eraikitzen ari diren biribildune berriaren kanpoaldeak eta beraz, CAFeko garraio berezien maniobragarritasuna ahalbidetzeko behar besteko zabalera ere izango du.
Aurrera begirako asmoak
Oinezkoen segurtasuna indartzen jarraitzera begira, aurrerantzean hori indartzeko dituzten erronkak zeintzuk diren ere aurreratu ditu aldundiak. Izan ere, haren asmoa da oinezkoen ibilbideari jarraipena ematea, San Juan eta Eroski inguruko ibilbidearekin lotu arte. Etorkizuneko fase batean garatuko litzatekeen arren, aldundiak azaldu du dagoeneko hasiak direla proiektu hori garatzen ere.













