Joxe Azurmendi omenduko dute haren heriotzaren lehenengo urteurrenean
Zegaman izango da ekitaldia Jakin fundazioak, EHUk eta Zegamako Udalak antolatuta. Uztailaren 4an izango da.
Joxe Azurmendi pentsalari zegamarra.EHU Uztailaren 1ean beteko da urtebete Joxe Azurmendi hil zela, eta, haren heriotzaren urteurrenarekin batera, omenaldia egingo diote Jakin fundazioak, EHUk eta Zegamako Udalak uztailaren 4an Zegaman, bere jaioterrian. Ekitaldiak bi zati nagusi izango ditu: Azurmendiren ekarpenari buruzko jardunaldia eta omenaldi ekitaldia.
10:00etan hasiko da Joxe Azurmendiren ekarpena aletzeko jardunaldia, Gaztelekuan. Hasteko, Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak hartuko du hitza, Katedraren bilakaeraz, oinarriez eta egitasmoez aritzeko. Ondoren, Alaitz Aizpuru Joaristi, Iratxe Retolaza Gutierrez eta Mikel Urdangarin Irastorza Joxe Azurmendiren ekarpenaz arituko dira, Haritz Azurmendi Arruek gidatuta. Hiru hizlariak arituak dira pentsalari zegamarraren ekarpenaren inguruan gogoetan.
Azurmendiren ekarpenari buruzko hitzaldien ondoren, omenaldi ekitaldiaren txanda izango da. Bertan parte hartuko dute herriko abesbatzak eta dantzariek, eta bertso musikatuak ere izango dira. Eguerdiko 12:30ean egingo da, udaletxe alboko plazan.













