Gazteei zuzendutako astebeteko ikastaroa antolatu du DYA elkarteak
Uztailaren 13tik 17ra eskainiko da programa, Ordiziako Barrena kultur etxean. Doakoa den arren, 50 euro jarri beharko dira fidantza gisa.
GazteDYA 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako aste bateko programa da, eta helburu nagusia da gazteak boluntariotzara gerturatzea eta elkartearen jardunaren berri ematea. Ekimenaren bidez, hala, gazteek “modu praktiko eta parte-hartzailean” boluntariotzaren balioa eta elkarteak gizarteari egiten dion ekarpena ezagutzea nahi dute.
Programa uztailaren 13tik 17ra izango da Ordiziako Barrena kultur etxean, 09:30etik 13:30era, eta doakoa den arren, izena ematerakoan 50 euro ordaindu beharko dira fidantza gisa, eta programaren amaieran dirua itzuliko dute.
Saioetan, besteak beste, elkarteak erabiltzen dituen baliabide eta bitartekoen, jarduera eremuen eta boluntarioek dituzten zereginen berri izango dute gazteek. Talde txikietan banatuko dira eta bestelako zenbait dinamika ere egingo dituzte: lehen sorospenetako, erreskateko eta oztopo arkitektonikoak gainditzeko tekniken inguruko praktika txikiak, esaterako.
Izena eman nahi dutenek 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu behar dute, edo dyagipuzkoa.com helbidera sartu.













